USB-C kargagailua eredu unibertsala izango da

Kontsumitzaileentzat erosoagoa izateaz gain, ekimenak kargagailu zaharrek eragiten duten zabor elektronikoa ere murriztu nahi du; 11.000 eta 13.000 tona inguru.

Europako Parlamentuak onartu egin du Europako Batzordeak Europar Batasunean mugikorretarako, tabletetarako, kamera digitaletarako, entzungailuetarako, bozgorailuetarako eta bideo-kontsoletarako USB-C motako kargagailu unibertsal bakarra egoteko egin duen proposamena. Neurri horren xedea da gailu elektroniko berri bat erosten den bakoitzean kontsumitzaileei kable eta kargagailu berriak erosi behar izatea ekiditea.

Neurriak, momentuz aipatu gailu horiei bakarrik eragingo die. Ordenagailu eramangarriak, erloju adimentsuak edo jarduera fisikoa neurtzen duten gailuak, momentuz, kanpoan geratu dira.

Jasangarritasuna

Kontsumitzaileentzat erosoagoa izateaz gain, ekimenak kargagailu zaharrek eragiten duten zabor elektronikoa ere murriztu nahi du; 11.000 eta 13.000 tona inguru. Gailu berrietan kargatze-aukerei buruzko informazio eta etiketa argiak jartzea ere nahi dute eurodiputatuek, baita gailu berria kargagailuarekin datorren ere, nahasketarik gerta ez dadin eta aukeraketa errazagoa izan dadin.

Ekoizleek hiru urte izango dute karga unibertsaleko eredu berrira egokitzeko. Applek, adibidez, jada bere zenbait gailu sistema berrira egokitu ditu, hala nola, iPad Pro gailuak.

Gainera, kargagailu unibertsalaren kasuan jarraitu den ibilbide bera jarraituz, Europako Parlamentuak urratsak eman nahi ditu gero eta hedatuagoa dagoen haririk gabeko kargaren alorrean.