Ikertzeak merezi du. Pasa den urtean Ikerbasqueko ikertzaileek 37.371.894 euroko funtsak erakarri zituzten, aurreko urtean baino bi milioi euro baino gehiago.
2021. urtearen amaieran Ikerbasquek esperientzia handiko 170 ikertzaile, 80 ikertzaile gazte eta 62 Research Associate zituen. Azken hori aurreko bi kategoriak osatzen dituen kategoria da eta ikerketa ibilbidean diren etapa ezberdinak osatzea du helburu.
Ikerbasquek kanpo finantzaketa zuten 940 egitasmo garatu zituen pasa den urtean, hots, 2020an baino 128 gehiago. Horietatik guztietatik 15 egitasmok European Research Councilaren finantzaketa lortu zuten. ERC asmo handiko ikerketa egitasmoak sustatzeko Europa mailan den erakunderik garrantzitsuena da. Aldi berean, pasa den urtearen amaieran, 1.323 pertsonak lan egiten zuten ikertzaile horiek zuzendutako taldeetan. Guztira, indexatutako argitalpenetan 1.484 artikulu argitaratu ziren, hots, nazioarte mailan ospe handia duten hedabide espezializatuetan.
Horrez gain, 8 spin-off berri eratu ziren. Spin-offak, beren ikerketetan lortutako ezagutzatik eta emaitzetatik abiatuta, beren jarduera prozesu, produktu edo zerbitzu berriak ustiatzean oinarritzen duten enpresa-ekimenak dira.
Mundu osoko ikerlariak
Ikerbasquek mundu osoko ikertzaileak erakartzen ditu Euskal Herriko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko. Une honetan Ikerbasquen lan egiten duten ikertzaileak 35 herrialde ezberdinetan dute jatorria. Gehienak herrialde hauetakoak dira: Espainia (186), Italia (30), Alemania (14), Britainia Handia (9), AEB (9), Errusia (8) eta Kanada (6). Ikertzaile gehienak (% 75 inguru) gizonezkoak dira.
Bere ezagutza-arloari dagokionez, % 50 zientzia esperimentaletan adituak dira eta % 22 zientzia medikoetan. Beste % 15 ingeniaritzan adituak dira, eta % 12, gizarte-zientzietan eta giza zientzietan. Ikerbasque ikertzaileak mundu mailan ospe handiena duten zentroetakoak dira, hala nola MIT, Harvardeko Unibertsitatea, Oxford, Stanford, CNRS edo Max Planck.