Warhol, Picasso, Dalí, Chillida eta Barceló Durangon

Durangoko Arte eta Historia Museoak nazioarteko artista entzutetsuen lanak biltzen dituen erakusketa bat hartuko du

Picasso, Dalí, Chillida, Andy Warhol edo Barceló bezalako artista entzutetsuen lanak ikusgai izango dira Durangoko Arte eta Historia Museoan datorren uztailaren 3ra arte. Picassotik Barcelóra: Lan grafiko eta anizkoitz garaikidea’ izeneko erakusketan nazioarte mailan izen handia duten 23 artisten 35 lan biltzen dira. Bertan, bitarteko mekanikoen bidez erreproduzituak izateko aukera ezaugarri komuna duten zenbait praktika artistikoen bilakaera ikus daiteke. Horrez gain, artistaren eta teknologiaren arteko harremanaren inguruan hausnarketa egiteko aukera ere ematen du.

Erakusketa

Erakusketa gai ezberdinetan banatuta dago. Ibilbidea Espainiako arte garaikidearen ikuspegi batekin hasten da eta bertan Pablo Picassoren, Salvador Dalíren eta Joan Miróren lanak ikus daitezke.

Jarraian, abstrakzioaren hizkuntza garatu zuten hainbat margolarien lanak ikus daitezke: Antoni Tàpies, Rafael Canogar, Antonio Saura edo Eduardo Chillida.

Ondoren, eskultura garaikideaz gozatu ahal izango da Miguel Berrocal, Eduardo Arroyo eta Pablo Serranoren obrekin.

Pop artea eta serigrafiaren alorrean Andy Warholen lana izango da ikusgai.

Ibilbideari amaiera emateko XX. mendeko azken bi hamarkadetako Espainiako artearen ikuskera poetikoa aztertuko da Jaume Plensa, Luis Gordillo, José María Sicilia eta Miquel Barcelóren obren bidez.