“Ikerketak ez luke ez genero, ez adin, ez herrialde, ez hizkuntza, ezta limiterik ere izan behar”

Hainbat tokitan izan zara, zientzialari edo ikertzaile bezala. Zure esperientzian oinarrituta, nabarmena al da gizon eta emakume gazte ikertzaileen kopuruan den aldea? 

Ni nahiko baikorra naiz eta, berdintasunari dagokionez, uste dut bide onean gaudela. Hala ere, oraindik bide luzea geratzen zaigu egiteko. Azken finean, ez dugu ahaztu behar ikertzaileen kopurua berdintzea garrantzitsua den bezala, funtsezkoa dela ikertzaile horiek euren ibilbideetan aurrera egiten duten ahala baldintzen berdintasuna bermatzea eta kristalezko sabaia haustea. Izan ere, ikerketak ez luke ez genero, ez adin, ez herrialde, ez hizkuntza, ezta limiterik ere izan behar. 

Zein da zure ustez arrakala hori emateko arrazoirik nagusia? Erreferente falta? 

Sarritan entzuten dugu erreferenteak falta direla, baina ni ez nago horrekin guztiz ados. Uste baino emakume gehiago, gazte gehiago eta pertsona gehiago daude gure gizartean inpaktu positibo bat eragin lezaketen proiektuetan lan egiten, eta horiei guztiei benetan falta zaiena ikusgarritasuna eta babesa da. Oso zaila da ikusi edo irudikatu ez duzun zerbait izan nahi izatea. Erreferenteen aniztasuna guztiz beharrezkoa da bai neskentzat, bai mutilentzat eta bai gure gizartearentzat. Dibertsitate hori da aberasten gaituena eta guztion esku dago ikusaraztea eta babestea. 

Zurea ibilbide arrakastatsua izan da, izan ere, hainbat sari irabazi dituzu. Sari edo aintzatespen horiek gabe, egindako ibilbidea merezi izan dizula esango zenuke? Zergatik? 

Noski merezi izan duela! Aintzatespenak sekulako ohorea dira, baina, azkenean, benetan garrantzitsua dena, ikasitako guztia, esperientzia osoa, ezagututako jendea eta, batez ere, bizitako eta hazitako guztia da. Ez dago gure esku gauzak ondo edota txarto ateratzea, baina bai aurrera jarraitzea. Gainera, garrantzitsua dena, sariek ematen dizuten “megafonoa” da. Izan ere, adibidez, asteroide batek nire izena edukitzea ez da garrantzitsua, benetan inporta duena da ikerketa, emakume eta gazte izena duela. “Megafono” bat da errepikatzeko, behar den bezain beste, ikerketa funtsezkoa dela etorkizun hobe bat eraikitzeko, garapen iraunkorrean oinarriturikoa; bai eta emakume eta gazteen papera aldarrikatu eta ikusarazteko ere.

“Ez utzi inoiz amesteari, ezta ametsak jarraitzeari ere. Ez utzi inoiz galderak egiteari, ez utzi kuriositate eta ilusio hori galtzen. Eta batez ere, ez ahaztu inoiz zergatik hasi zinen”

Zer esango zenioke neska gazte bati zientzia munduan sartzen animatzeko? 

Bai zientzia munduan sartzea nahiko lukeen edozein pertsonari, bai beste toki batzuetan euren pasioa aurkitu dutenei eta bai oraindik aurkitu ez dutenei: emango diguten lehenengo erantzuna, beti ezezkoa izango da. Ezetz esango digute behin eta berriz; baina benetan gustuko duzun hori bada, goizetan jaikiarazten zaituena, benetan pasioa baldin baduzu, egin aurrera! Ondo edo txarto ateratzea ez dago gure esku, baino benetan gure esku dagoena, saiatzea da. Proiektu baten atzean, esfortzua, konstantzia eta, batez ere, ilusioa dago. Ez utzi inoiz amesteari, ezta ametsak jarraitzeari ere. Ez utzi inoiz galderak egiteari, ez utzi kuriositate eta ilusio hori galtzen. Eta batez ere, ez ahaztu inoiz zergatik hasi zinen. 

Zer egin beharko litzateke, zure ustez, nesken artean zientzia sustatzeko? 

Nire iritziz, benetan garrantzitsua dena limiteak kentzea da benetan gustatzen zaizuna egitea zorte bat izan behar ez dadin eta pertsona guztien esku egon dadin. Gainera, zientzia, teknologia, ikerketa… normalizatu beharko genituzke. Ikerlari bat marrazteko eskatuz gero, oraindik gaur egun pertsona askok ile zuria duen gizon zahar bat marraztuko luke. Tontakeria bat dirudi, baina funtsezkoa iruditzen zait hain urruti sentitzen dugun estereotipo hori apurtzea. Izan ere, umeei galdetzean ea zein emakume zientzialari ezagutzen duten, gehienek, gutxi ezagutzeaz gain, Marie Curie bezalako pertsona nabarmenak baino ez dituzte ezagutzen. Sarritan ez dute ezta ezagutzen bizirik dagoen bat. Oso garrantzitsua iruditzen zait erakustea, ikerlariak oso anitzak direla eta badituztela euren zaletasunak, euren lagunak… Horretarako, ezinbestekoa da erreferente anitzak ikusaraztea, eta ditugunak babestea. Ikerketa galderak egitea gustatzen zaion edonoren esku dago, behar den bakarra, esfortzua, jarraitasuna, eta batez ere ilusioa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.