Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreorde berria zara. Nola definituko zenuke egun euskarak UPV/EHUn bizi duen egoera?
Zalantzarik gabe, inoiz ez dugu bizi izan egoera hoberik. Atzera begira, 1993-1994 ikasturtetik hona, euskaraz matrikulatutako ikasle kopurua % 17,3tik % 53ra igo da eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen kopurua kontuan izanda, 2019-2020 ikasturtean % 56ra igo da. Graduko euskarazko derrigorrezko irakasgaietan ere aurrerapauso handiak izan dira: 1999-2000 ikasturtean derrigorrezko irakasgaien % 52 ziren euskaraz, 2018-2019 ikasturtean, berriz % 97. Eta azken datu bezala, euskara eskakizuna duten irakasle-ikertzaileen kopurua % 23tik (1998an), % 60ra igo da 2019an. Nire ustez, zalantzarik gabe, egoerak hobera egin du eta talde berriaren asmoa ildo horretatik jarraitzea da. Ukaezina da hobetzeko esparrua badagoela, eta UPV/EHUk orain arte egin duen ibilbide geldiezinari eutsiko diogu.
2018/2022 epealdiko Euskararen III Plan Gidarian jasotako helburuen artean “euskararen erabilera Unibertsitateko esparru guztietara hedatzea” aurki daiteke. Zein nolako aurrerapausoak eman dira eta zein mailatan beteko da aipatu helburua?
Euskararen erabileraren aktibazioan eragiteko AKTIBATU programa martxan jarri genuen 2018. urtean. AKTIBATUn euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortu nahi dira taldean batera lan eginez. Horien artean, hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu, hizkuntza-ohituren aldaketarako estrategiak garatu eta euskararekiko erantzukizunaren eta jokabideen hausnarketa bultzatu, eredu eta praktika egokiak ezagutzera eman eta partekatu, euskararen aktibazioan parte hartu nahi duten kideen sarea sortu edota euskararen erabileraren diagnostikoa egin.
AKTIBATU programaren lan ildoen bitartez epe ertainean unibertsitateko eremu ezberdinetan euskararen erabileraren igoera lortu nahi dugu eta horretarako, lehen aldiz, euskararen erabileraren azterketa sakona egin da, azken hiru ikasturteetan fakultate ezberdinetako eremu informaletan euskaraz gertatzen diren elkarrizketak ere neurtuaz. Momentu honetan egindako diagnostiko horietako emaitzak aztertzen ari gara aurrera begirako estrategia egokienak planteatzeko.
Era berean, hizkuntza ohituren aldaketarako estrategiak lantzeko, aktibazioan parte hartu nahi duten kideen sarea sortzeko eta eredu zein praktika egokiak partekatzeko AKTIBATU komunitate birtuala sortu dugu eta urtero-urtero euskararen erabilera sustatzeko ekimenentzako deialdia kudeatzen dugu. Beti ere, Euskal Herrian euskararen aktibazioan ari diren eragileekin elkarlana bultzatuz (AEK-Korrika, Errigora, Iparraldeko Eusko Ikaskuntza, Soziolinguistika Klusterra…) eta Euskal Gobernuaren plangintza estrategikoei atxikiz, adibidez, Euskaraldia (Euskaltzaleen Topagunea).
Beraz, esan genezake helburua betetzeko bitartekoak jartzen ari garela eta bitarteko horiek ere badirela helburua betetzearen parte.
Zuen programan gradu eta graduondo mailan egiten den euskarazko eskaintza sendotzea eta handitzea jasotzen zenuten. Posible izango al da noizbait gai hori behingoz ixtea, hau da, unibertsitateak euskaraz egiten duen eskaintza guztiz normalizatua izatea?
Esan bezala, euskarazko eskaintza sendotzen eta handitzen jarraitzea da gure asmoa. Eta bide horretan modu eraginkorrean aurrera egiteko kontuan izan behar dugun irizpideetako bat euskaraz ikasteko eskaria da. Gaur egun, gure ikasle, irakasle eta ikerlariek gero eta eleanitzagoak dira. Eskolan txikitatik hasten dira atzerriko hizkuntzak ikasten. Guraso garen guztiok barneratuta dugu aspalditik atzerriko hizkuntzen garrantzia eta gure seme-alabek atzerriko hizkuntzak ikasteko ahalegin handia egin ohi dugu. Lehen eta Bigarren hezkuntzan atzerriko hizkuntzak irakasteko metodologia aurreratuak erabiltzen dira eta nire ustez, unibertsitaterako bidean lortutako atzerriko hizkuntzen maila ezin dugu ahaztu.
Aipatzen duzun ‘gai’ horrek ez du behin-betiko itxierarik: ikasle euskaldunek lan eta ikerketa munduan modu konpetitibo batean aurrera egiteko prestatu nahi baditugu, unibertsitatean jasotzen duten formazioak ere eleanitza izan behar du. Euskaraz egiten den eskaintza guztiz normalizatua egoteak ez du esan nahi unibertsitate osoko gradu eta graduondo eskola guztiak % 100ean euskaraz izan behar direnik, % 100 gaztelaniaz edota ingelesez izan beharko ez luketen moduan. Gakoa gure ikasleentzako eskaintza linguistiko eraginkor eta konpetitiboena eskaintzea da, gure unibertsitatea eredu eleanitz jasangarri bihurtzea.
“Ikasle euskaldunek lan eta ikerketa munduan modu konpetitibo batean aurrera egiteko prestatu nahi baditugu, unibertsitatean jasotzen duten formazioak ere eleanitza izan behar du”
Zein izan da euskaraz eskaintza osoa ez egiteko arrazoi nagusia?
Galdera horren erantzunean garrantzitsua da oinarrizko zenbait gauza oso kontuan izatea. Batetik, Euskal Herriko Unibertsitatean 100 gradutik gora eskaintzen ditugu eta gradu horietan guztietan 8.000 irakasgai baino gehiago. Bestetik, graduko derrigorrezko milaka irakasgaien % 98 euskaraz eskaintzen dira, hots, 10 urtetan % 20ko igoera izan dugu. Eta azkenik, Euskararen III. Plan Gidarian jada zehaztuta dugu 2023rako gradu bakoitzeko euskarazko eskaintzari dagokionez lortzen ahalegindu behar garen helburua. Orain, Errektoreordetza kargua hartu dudanean, gradu bakoitzerako zehaztutako helburuaren betetze-maila aztertu eta aurrera begirako pausuak zehaztuko ditugu.
Zehaztapenetara bagoaz, aurkitu genezakeen hutsune nagusia Medikuntza graduko ospitaletako 2. zikloko irakasgaiak dira. Nahiz eta horietan azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak eman badira, lanean dauden eta euskarazko C1 maila duten medikuen beharrizana daukagu lehiaketara ateratzen ditugun irakasle plazak bete daitezen. Gainontzean, euskarazko eskaintza betetzen ez den ia gradurik ez dago; salbuespen bezala hartu genezake ikasle kopuruagatik eskaintza handitu ezin den edo desagertzear dagoen graduren bat.
“Gakoa gure ikasleentzako eskaintza linguistiko eraginkor eta konpetitiboena eskaintzea da, gure unibertsitatea eredu eleanitz jasangarri bihurtzea”
Euskarazko doktorego tesiak saritzen dituen Koldo Mitxelena Sarien azken edizioan inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira. Datozen urteetan errepika daitekeen joera izan daitekeela uste al duzu?
Euskarazko doktorego tesien kopurua gero eta handiagoa da, eta bide horretatik jarraituko dugu zalantzarik gabe. Bereziki, euskaraz burutzen diren nazioarteko tesiak bultzatzeko ahalegina egingo dugu. Horren ildotik, Erasmus+ programa berriak doktorego ikasleentzako egonaldi laburragoak eskainiko ditu, nazioartekotze hori lortzeko erraztasunak emanez.
Brexit-aren ondorioetako bat Erresuma Batua Erasmus+ programatik ateratzea izan da. Zalantzarik gabe, hori oso berri txarra da euskal ikasleriarentzat. Kalkulatu al duzue zein izango den erabaki horrek mugikortasunean izango duen inpaktua, bai euskal ikasleen bidalketan, bai ikasle britainiarren harreran?
Bai, berri txarrak denontzako, bai gure zein Erresuma Batuko ikasle, irakasle/ikertzaile eta langileentzat. Ikasleei dagokionez, Erasmus+ programatik kanpo gelditzeak ez du esan nahi mugikortasunak bertan behera geldituko direnik. Erresuma Batua, beste norakoen motako mugikortasuna izatera pasatuko da, hau da, Suitza edo Korea bezalako herrialdeetako mugikortasun mota izatera. Beraz, gure ikasleentzat ez da alde handirik egongo. Erasmus beka jaso beharrean Eusko Jaurlaritzako beka jasoko dute. Erresuma Batuko ikasleen kasuan berriz, martxan jarriko duten Turing programaren baldintzak ikusi beharko dira.
UPV/EHUko zenbat ikaslek aukeratzen zuten orain arte Erresuma Batura joatea? Ba al duzu 1987. urtetik hona, Erasmusi esker, Erresuma Batuko unibertsitateren batera joan diren ikasleen kopuru osoa?
Ehunekoari dagokionez, nazioarteko mugikortasunean, % 4 inguru dira UPV/EHUtik Erresuma Batura joaten direnak. Ikasle kopuru handiena Italiara (%24,5), Alemaniara (%13) eta Polonia eta Eslovakiara (%12) joaten da. Erresuma Batutik UPV/EHUra etortzen direnak berriz, % 2 inguru dira.
“Ikasleei dagokionez, Brexit-agatik Erasmus+ programatik kanpo gelditzeak ez du esan nahi mugikortasunak bertan behera geldituko direnik”
Eta irakasle eta ikertzaileen mugikortasunaren inguruko daturik al duzue?
UPV/EHUko irakasle, ikertzaile eta langileek orain arte Erasmus+ baitan egiten zituzten mugikortasunak beste modu batera kudeatu beharko ditugu hemendik aurrera, baina doktoregai eta ikertzaileen mugikortasunari dagokionez, haien mugikortasuna ikerketarako deialdi berezien bidez aurrera joaten jarraituko du.
Eta Erresuma Batuak hartu duen erabaki horrek eragina izango al du jada abian diren ikerketa proiektuetan?
Europako Batzordeak finantzatutako mugikortasunei dagokienez, UPV/EHUko ikertzaileek ez dute aldaketarik nabariko Erresuma Batuak Horizon Europe programan jarraitzen duelako.
Erresuma Batuko zenbat unibertsitaterekin zituen akordioak UPV/EHUk Erasmus+ programaren esparruan?
Azken urteetan 55 unibertsitaterekin izan ditugu hitzarmenak urtero. Ikus dezakezunez, zenbaki oso estimagarria da.
Erresuma Batutik Erasmus+ programatik irtetearen eragina ez litzateke soilik kuantitatiboki neurtu behar mugikortasun-kopuruari dagokionez. Izan ere, programa horrek bestelako lotura kultural edo pertsonal batzuk sortzeko aukera ere ematen du, elkar hobeto ulertzeko eta ezagutzeko. Uste al duzue horrek urruntzea eragin dezakeela britainiar gizartearen eta euskal gizartearen artean?
Ez dugu aurreikusten UPV/EHUko ikasle, irakasle/ikertzaile eta langileen mugikortasunen kopurua asko jaitsiko denik, Beste Norakoak programaren bitartez joan ahal izango dutelako. Dena den, gerta daitezkeen beste ondorio batzuei adi egongo gara.
Asko dira bere ingeles-maila hobetzeko Erresuma Batuko unibertsitateren bat aukeratzen duten ikasleak. Aukera hori zailagoa jartzen bada, seguruenik, ikasleek ingeles-maila altua duten Europar Batasuneko beste herrialde batzuk aukeratuko dituzte. Zeintzuk izango lirateke, zure ustez, erabaki horrekin etekin gehien aterako duten herrialdeak?
Esan bezala, ez dugu eragin esanguratsurik aurreikusten gure ikasleen artean Erresuma Batua aukeratzeko orduan. Europar Batasuneko unibertsitate askok ingelesezko eskolak gero eta gehiago eskaintzen dituzte eta UPV/EHUko ikasleek hori kontuan izaten dute. Adibidez, azken urteetan Poloniara joan diren ikasleen kopurua nabarmen handitu egin da, hango unibertsitateetan ingelesez ere ikasi dezaketelako.
Eta Erresuma Batuan ikasteko zailtasunak izan daitezkeela ikusita Euskadira, eta zehazki UPV/EHUra, etortzea erabakitzen duten ikasle europarren kopurua haz daitekeela uste al duzu?
UPV/EHUn ere ingelesez eskaintzen diren irakasgaien kopurua handitzen doa urtez urte, bai graduan bai masterretan (% 25 azken 4 urteetan) eta atzerriko ikasle gehiagok aukeratzen dute gure unibertsitatea, besteen artean, arrazoi horregatik. Gaur egun, 841 irakasgai eskaintzen ditugu hizkuntza ez ofizialetan UPV/EHUn, eta horietako 633, ingelesez.
Eragiten al die Brexit-ak UPV/EHUk unibertsitate britainiarrekin dituen beste lankidetza-programa batzuei ere?
Bai, hainbat elkarlan proiektutan EB kide dugu eta Erasmusetik irtetearen erabakiaren ondoren, Turing programaren baldintza berriak argitaratu arte itxaron beharko dugu egoera berria aztertzeko. Dena den, 2014-2020 Erasmus+ programaren barruan sartzen diren eta burutu gabeko ekintzak aurrera egiteko aukera izango dute 2020. urtetik haratago, 2014-2020 programa amaitu arte.
Erresuma Batuko gobernuak iragarri duenez, britainiar ikasleen mugikortasuna sustatzeko New Turing izeneko programa berria abiaraziko du. Zure ustez aipatu programa orain arte Erasmus+ programarekin zen mugikortasun-maila lortzera helduko al da?
Programaren baldintzak eta laguntza ekonomikoek erabakiko dute Turing programaren arrakasta. Gure informazioaren arabera 100 milioi euro jarriko dute programa horretan, Erasmus+ programan parte hartzeari uzteko erabakiari nolabaiteko erantzuna emateko. Badirudi 2021eko irailean jarriko dutela martxan, baina esan bezala, ez dago informazio gehiagorik oraingoz.