Erresuma Batuak Erasmusekin hautsi du

Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n atera zen ofizialki Europar Batasunetik, baina ondorioak ez ziren ia hauteman, data horretan trantsizio-aldi bat sartu baitzen indarrean, bi aldeak etorkizuneko merkataritza-harremana negoziatzen ari ziren bitartean. Urte berri honekin batera hasi da nabaritzen 2016ko ekaineko erreferendumaren emaitza; izan ere, Europar Batasunetik irtetea proposatzen zuen aukerak irabazi zuen, botoen % 51,9rekin.

Pasa den abenduaren 24an sinatu zen Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzio-akordioak zero muga-zerga eta zero kuota bermatzen ditu bi aldeen arteko merkataritza-trukeetan, baina, aldi berean, herritarrei gehien eragiten dieten bi onurari amaiera eman die. Hemendik aurrera, aipatu dibortzio horri esker, Mantxako kanalaren bi aldeen artean ez da pertsonen mugimendurako askatasunik izango eta ez da Erresuma Batuan ikasteko aukerarik egongo Erasmus programa aprobetxatuz. Erabaki horiek “ez datoz bat gure lotura historikoekin”, deitoratu du Michel Barnier EBko negoziatzaileak.

Erresuma Batua Europar Batasuneko programarik erabilienetako eta ezagunenetako bat den Erasmusetik irtetea, brexit-aren zantzurik nabarmen eta ustekabekoenetako bat da, eta Londresek bere kide ohiekin etorkizunean izango duen harremana nola ikusten duen ulertzeko lagungarri izan daiteke.

“Bandalismo kulturala”, “galera kalkulaezina”

2021etik aurrera, Erresuma Batuak Erasmus+ programako kide izateari utziko dio, baina bertan EBko kide ez diren beste estatu batzuek parte hartzen jarraitzen dute: Serbia, Turkia, Norvegia eta Islandia

Hala ere, une honetan Erasmus+ programaz baliatzen ari diren ikasle britainiarrek eta europarrek arazorik gabe amaitu ahal izango dute ikasturtea. Hori bai, datorren ikasturtetik aurrera ez dira bi aldeen arteko ikasle-trukeak izango Erasmus+ programaren markoan.

Irlandako Iparraldeak programarako sarbidea izaten jarraituko du akordio berezi bati esker, baina Eskozia kanpoan geratu da, bertako agintariek programa horretan parte hartzeko interesa behin eta berriz erakutsi duten arren. Izan ere, Europar Batasunera ikasle gehien bidaltzen dituzten hiru unibertsitate britainiarretatik bi eskoziarrak dira, Edinburgokoa eta Glasgowkoa, alegia.

Ez da harritzekoa Nicola Sturgeon, Eskoziako ministro nagusia, Boris Johnsonen Gobernuaren erabakitik aldendu izana eta zentzu horretan “Erresuma Batuak hainbeste gazteren aukerak zabaldu dituen Erasmus programan duen parte-hartzeari amaiera ematea, Erresuma Batuko gobernuaren bandalismo kulturala” dela azaldu du.

Ildo berean, Komunen Ganberako Scottish National Partyko buru Ian Blackfordek adierazi duenez, Erasmusen irteera traizio bat da, “gure gazteei Europako hiritartasunak eman diguna ukatzen diena”, baita “estimatzen ditugun askatasun europarrak ere: atzerrian bizitzea, lan egitea eta ikastea”.

50.000 britainiarrek baino gehiagok parte hartu zuten Erasmus programan 2019an, eta horietatik ia 20.000 unibertsitarioak ziren. Erresuma Batuan, atzerrian ikasten ari diren ikasleen erdia baino gehiago Erasmus programaz baliatzen dira. Askori, Erasmusek pertsonalki garatzeko eta Europarekin lotura erraz eta erosoa izateko aukera eman die.

Erasmus+ programatik kanpo geratzean, ikasle britainiarrei Europako ate akademikoak itxi zaizkie. Nazioarte mailan Erresuma Batuko goi-mailako hezkuntzako erakunde guztiak ordezkatzen dituen Universities UK International (UUKI) erakundeak pasa den urteko martxoan gogorarazi zuenez, Erasmus+ programak aukera eman die “eskola, ikastetxe eta unibertsitateetatik etorritako milaka ikasleri mundu osoko 60 herrialde baino gehiagotan, eta ez bakarrik Europan, denbora-tarteak igarotzeko”. Gainera, mugikortasun kasu horien ia % 50ean, gazte horiek Erresuma Batukoak ez diren enpresetan praktikak egiteko aukera izan dute. 

Une honetan Erasmus+ programaz baliatzen ari diren ikasle britainiarrek eta europarrek arazorik gabe amaitu ahal izango dute ikasturtea. Hori bai, datorren ikasturtetik aurrera ez dira bi aldeen arteko ikasle-trukeak izango Erasmus+ programaren markoan.

UUKIk adierazi duenez, gehien galduko duten ikasleak ingurune behartsuetako ikasleak izango dira, Erasmus+ sistemara sartzeko aukerarik gabe atzerrian ikasketak, bidaiak eta gastuak finantzatzeko zailtasunak izango baitituzte.

Gainera, irteera, ikasleei eragiteaz gain, kolpe handia izan daiteke Britainia Handiko unibertsitate ospetsuentzat, Europan eta mundu osoan duten botere bigunaren sinbolo indartsua delako, baita diru iturri garrantzitsua herrialdearentzat ere.

Izan ere, Erresuma Batua, Amerikako Estatu Batuen atzetik, nazioarteko ikasleek gehien aukeratzen duten bigarren helmuga da. 

Erasmus uzteak programa herrialdeko kultura eta errealitatea hobeto ezagutzeko eta hezkuntza britainiarra jasotzeko erabil zezaketen EBko ikasle askoren asmoak zapuztu ditzake. Seguruenik, erabaki horrek ez du eragin handirik izango Cambridge eta Oxford bezalako puntako unibertsitateetan, baina bai ordea hain ezagunak ez diren beste hainbat unibertsitatetan.

“Diru-sarrera galera erlatiboa izango dute Erresuma Batuko unibertsitateek, baina diplomaziari eta enbaxadoreei dagokienez, galera izugarria izango da”, adierazi dio The New York Times egunkariari Europar Batasunera ikasle gehien bidaltzen dituen bigarren unibertsitatea den Warwickeko Unibertsitateko Europako presidenteorde Sean Handek.

Ondorioak mugikortasunean

Pasa den abenduaren 16an, Europako Batzordeak Erasmus+ 2019. urteko txostena argitaratu zuen. Txosten horren arabera, programan mundu osoko 137 herrialdetako 111.000 erakunde inguruk hartzen dute parte. 

2019an, guztira, Erresuma Batuko 54.619 pertsona baliatu ziren Erasmus+ programaren mugikortasun aukera ezberdinen onurez

Azken 33 urteetan, 10 milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Erasmus+ programan edo haren aurrekoetan. 2014. eta 2020. urte bitartean, Erasmus+ sareak EBko gazteen % 3,7ri aukera eman dio atzerrian ikasteko, prestatzeko, boluntario izateko edo esperientzia profesionala lortzeko.

2019an, gazteen, ikasleen, praktiketako ikasleen, irakasleen eta prestatzaileen artean, programak 940.000 pertsona ingururi eman zien aukera, atzerrian ikasteko, prestatzeko edo irakasteko aldi bat egiteko. Txostenean jasotzen denez, 2019an, guztira, Erresuma Batuko 54.619 pertsona baliatu ziren Erasmus+ programaren mugikortasun aukera ezberdinen onurez. Horietatik guztietatik, 18.305 goi-mailako hezkuntzako esparrukoak ziren. Izan ere, Erresuma Batuak, azken bost ikasturteetan, batez beste, 16.000 erasmus bidali ditu urtero atzerrira eta 31.000 inguru jaso ditu.

Erasmusen esparruan, Estatuko eta Erresuma Batuko unibertsitateen arteko harremanak nahiko estuak izan dira. 2019an, ikasle espainiarrek trukeak egiteko gogokoen zuten bigarren herrialdea izan zen, eta Espainia izan zen azken urteetan ikasle britainiar gehien hartu zituen herrialdea.

Onura zergadunarentzat?

Erresuma Batuak Erasmusetik ateratzeko egin duen iragarpenak hezkuntza komunitatearen zati handi baten harridura eragin du; izan ere, Boris Johnsonek programa horretan parte hartzeari eta finantzatzetari eutsiko ziola agindu zuen 2020ko urtarrilean, brexitak aurrera egiten bazuen ere. Baina, azkenean, gobernu britainiarrarentzat Erasmusen parte hartzea kostu-etekin kalkulu batera mugatzen zela egiaztatu da. Brexitaren ikuspegitik, programa garestiegia zen. 2019an, Britainia Handiak 200 milioi euroko ekarpena egin zion programari.

Britainiar Hezkuntza Sailaren arabera, 2014. eta 2020. urte bitartean, Erresuma Batuak 1.800 milioi euro inguruko ekarpena egin dio Erasmus programari. Aldi berean, 1.000 milioi euro inguru jaso zituen bueltan programa berari esker. Kopuru horiek aintzat hartuta, egia da Erresuma Batua zergadun garbia izan dela, baina, desoreka horrek badu azalpen bat: gehiago dira Erresuma Batura joaten diren europarrak Europara joaten diren britainiarrak baino.

Britainia Handiko Gobernuak adierazi duenez, Erasmus+ programara bideratzen ziren ehunka milioi libera esterlinak hobeto gastatuko dira, besteak beste, haur behartsuek hezkuntza hobea jasoko dutela bermatzeko. Gobernutik ziurtatu dutenez, ingurune behartsuetako ikasleak izan dira, hain zuzen ere, Erasmus programari onura gutxien atera dizkiotenak.

Erresuma Batuan trukea egitea erabakitzen duten ikasle eta akademiko europarrek 300 liberatik gorako kostua duen ikasle bisa eskatu beharko dute, baldin eta egonaldiak sei hilabetetik gorakoak badira.

UUKI ez dator bat azken datu horrekin. Erakunde horren ustez, britainiar ekonomia kaltetuta aterako da bertara joaten ziren milaka ikasleen dirua galduko delako. Aipatu erakundearen kalkuluen arabera, Erresuma Batura joaten ziren Erasmus ikasleek urtero, batez beste, 420 milioi libera esterlina inguru gastatzen zituzten. Kopuru hori urtetik urtera handituz joan da.

Horrela, UUKIk kalkulatu duenez, Erresuma Batuak, urtero, 243 milioi libera esterlinetako etekin garbia lortzen zuen Erasmus programari esker.

Turing programa berria

Erresuma Batuko ikasleek eta irakasleek trukeak egiten jarraitu ahal izango dute EBn, alde biko akordioak egongo baitira Erresuma Batuko eta Europako Batasuneko unibertsitateen artean. Baina 90 egun baino gehiagoz egon nahi izanez gero, bisatua eskatu beharko da, Irlandako Errepublikaren kasuan izan ezik, Erresuma Batua eta Irlanda artean pertsonen zirkulazio askerako akordioak indarrean jarraituko baitu.

Bestalde, Erresuma Batuan trukea egitea erabakitzen duten ikasle eta akademiko europarrek (Erasmus bekarik gabe, funts propioekin edo estatuetako edo eskualdeetako gobernuen laguntzarekin) 300 liberatik gorako kostua duen ikasle bisa eskatu beharko dute, baldin eta egonaldiak sei hilabetetik gorakoak badira.

Ikasketak amaitu ostean, unibertsitateko graduko ikasleen kasuan, erkidegoko herritarrek bi urteko iraupena izango duen bisa berri bat eskatu ahal izango dute lan egiteko edo lana bilatzeko. Doktoregoko ikasleen kasuan, bisa hori hiru urtera luzatuko da.

Britainiar gobernuak jada bere mugikortasun programa propioa garatuko duela iragarri du, Turing izenekoa. Programa horrek orain arte Erasmus bidez egiten zena ordezkatuko luke.

Londresek iragarri duenez, programa berriaren izena, Bigarren Mundu Gerrako kode deszifratzaile arrakastatsua izan zen  Alan Turing matematikari ingeles ospetsuari egindako omenaldia da eta ikasleei sarbide zabalagoa eskainiko die, eta munduko edozein tokitako unibertsitateetara joateko aukera emango die, ez soilik Europakoetara.

Printzipioz, aipatu programa berriaren aurrekontua 100 milioi libera esterlinakoa izango da eta horri esker, Erresuma Batuko 35.000 ikaslek atzerrian ikasteko aukera izango dute 2021ko irailetik aurrera. 


Pertsonen zirkulazio askearen amaiera

Abenduaren 31 izan zen Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko zirkulazio askeko azken eguna. Urtarrilaren 1etik aurrera, Europako herrialdeetako biztanleek hirugarren herrialdeetako nazionalen baldintza berberak bete behar dituzte Erresuma Batuan finkatzeko.

Herrialdea bisitatu ahal izango da, bisarik gabe, turismoa egiteko edo enpresa-jarduerak egiteko, adibidez, hitzaldietara edo lan-bileretara joateko.

Erresuma Batuak puntutan oinarritutako migrazio-sistema bat jarri du martxan, trebetasun zehatzak dituzten herritarrei lehentasuna emango diena, eta lan egiteko bisa bat beharko da.

Ikasteko ere bisa behar izango da egonaldiak sei hilabete baino gehiagorako badira. Erresuma Batuan unibertsitate-titulu bat lortuz gero, lizentziadunaren bisa eskatu ahal izango da. Bisa horrek herrialdean bi urtez lan egiteko edo lana bilatzeko aukera ematen du; lortutako titulua doktoretza bada, bisaren iraupena hiru urtekoa izan daiteke.  

2020ko abenduaren 31 baino lehen Erresuma Batuan bizitzen hasi ziren Europako Erkidegoko hiritarrek bertan bizitzeko, lan egiteko eta osasun zerbitzuak erabiltzeko eskubideei eusteko aukera dute, baldin eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen erregistratzen badira Erresuma Batuko Asentimendu Sisteman. 246.000 espainiar inguru erregistratu dira jada euren eskubideak mantentzeko.

Hemendik aurrera Europar Batasuneko herrialde batera joan nahi duten britainiarrek herrialde horretako kontsulatuarekin harremanetan jarri beharko dute bisa lortzeko. Dagoeneko EBko herrialde batean bizi direnek ere beren eskubideei eutsi ahal izango diete, dagokien agintariei eskatuta.

Pasaportea bueltan da

Erresuma Batura gehienez sei hilabetez bidaiatu ahal izango da bisa eskatu beharrik gabe. 

Erresuma Batura gehienez sei hilabetez bidaiatu ahal izango da bisa eskatu beharrik gabe. 

NANa 2021eko irailaren 30era arte erabili ahal izango da bi herrialdeen artean bidaiatzeko. 

Data horretatik aurrera, pasaportea beharrezkoa da. Bidaiariek Europako osasun txartela erabili ahal izango dute iraungi arte, baina Britainia Handiko agintariek bidaia asegurua kontratatzea gomendatu dute. 

Roaming

EBko legediak debekatu egiten die telefono-enpresei zure telefono mugikorra Erkidegoko beste herrialde batean erabiltzeagatik gehigarriak kobratzea. EBtik irtetean, Erresuma Batura doazen kontsumitzaileek arau horren babesa galtzen dute, eta gai hori telefono-enpresen mende geratuko da, baina, dagoeneko ez dira behartuta egongo doako ibiltaritza eskaintzera. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.