ITZULIk bere frantses-maila hobetu nahi du

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak frantsesa-euskara itzultzaile neuronala hobetzea helburu duen hitzarmena sinatu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) frantsesa-euskara itzultzaile neuronala hobetu nahi dute. Berriki Baionan sinatu duten hitzarmenari esker, EEPk bere corpus linguistikoa utziko dio Eusko Jaurlaritzari honek bere itzultzaile neuronala hobetu dezan. Izan ere, itzultzaile neuronalek corpus elebidun handiak behar izaten dituzte, kalitate handikoak, ikasten jarraitzeko eta itzulpenak hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Euskararen Erakunde publikoko presidente Antton Curutcharryk sinatu duten akordioari esker, Itzuli itzultzaileak bi hizkuntzetan egindako itzulpenak hobetu ahal izango ditu. Aldi berean, EEPk itzultzailea barneratuko du bere web gunean zerbitzu hori Iparraldeko biztanleei eskaintzeko. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta beste lau urtez luzatu ahal izango da bi aldeek hala erabakiko balute.

Adimen artifiziala

Itzuli adimen artifizialean oinarrituta garatu den tresna da. 2019. urtean jarri zen martxan eta, ordutik hona, itzultzaile generikoa eta juridiko-administratiboa garatu dira. Ordenagailuetan ez ezik, Android edo iOs sistema eragileak dituzten sakelako telefonoetan ere erabili daiteke Itzuli aplikazioaren bidez. Gainera, Itzuli+ tresna-barra ere instalatu daiteke. Bertan, itzultzaile neuronalaz gain, hiztegia eta euskarazko Wikipedia ere aurki daitezke.

“Ingurune digitala euskaldundu behar dugu biztanlerian eta bereziki gazteengan duen eragina ikusirik”

Miren Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, “tresna hauek erabilita, euskararen erabilera eta presentzia areagotuko da Iparraldean eta, laguntza-tresna horiei esker, erabiltzaileek euskara lanean edo eskolan erabiltzeko orduan konfiantza bereganatuko dute. Tresnak etengabe hobetzen eta osatzen ari dira eta gero eta aukera gehiago eskainiko dute”. Antton Curutcharryk, berriz, azpimarratu du “mugazgaindiko lankidetzaren garrantzia, ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilpena sustatzeko”.  “Ingurune digitala euskaldundu behar dugu biztanlerian eta bereziki gazteengan duen eragina ikusirik”, “behar hori argi dugu aspalditik eta Nola Erran hiztegi digitalak, EEPk sortu zuen lehen tresna digitalak, izan duen eta oraino duen arrakastak garbi uzten du”.