Hiruko ituna berritu da euskara sustatzen jarraitzeko

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzen jarraitzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Akordio berria, 2025. urtera arte luzatuko da eta horri esker, nagusiki, jardunbide egokiak eta esperientziak partekatuko dira. Akordioan, besteak beste, honako esparru hauek aipatzen dira: erabilera, helduen euskalduntzea, hezkuntza, ikerketa eta hizkuntza bera.

Helburuak

Ezagutza datuek gora egin badute ere, erabilerak ez du beharrezkoa den urrats hori ematen. Erabilera sustatu nahian, hitzarmenean aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta euskarazko hedabideetan euskararen erabilpena sustatu beharra azpimarratzen da.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, xedea da hiru erakundeen arteko lankidetza sendotzea euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerako.

Hezkuntzari dagokionez, hiru erakundeek ikasleen mugikortasuna indartzearen beharra azpimarratu dute. Hortaz, goi-mailako ikasketak beste lurralde baten egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira.

Ikerketa soziolinguistikoa hitzarmen berriaren beste ardatzetako bat da. Kasu horretan, datuen bilketa euskararen esparru geografiko osoan egitea proposatzen da, lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izan daitezen.

Gainera hiru aldeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera, euskararen sustapena helburutzat duten proiektuak europar finantzaketetan aurkezten jarraitzeko.

Bigarren hitzarmena

Hitzarmen berria 2017. urtean, Iruñean sinatu zenaren jarraipena izango da. Bigarren hitzarmen horren aurkezpena Baionan egin da eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Foru Komunitateko Herritarrekiko Harremanetako Kontseilari Ana Ollo, eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharry. Hiru ordezkariek azaldu dutenez, hitzarmena elkarlanetik eta hiru erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik egin da, beti ere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, Euskarabidea eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira berritutako Itunaren kudeaketaz arduratuko diren erakundeak. Kudeaketa horretarako Batzorde Misto bar eratuko da, gutxienez, urtean behin bilduko dena hitzarmenaren jarraipena egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.