Etorkizunera bidaiatu nahi al duzu? DOT Kooperatibak sustatuta, datorren azaroaren 19ra arte zabalik izango da euskal gazteriak etorkizunaren inguruan duen ikuspegia jasotzea helburu duen ‘The Future Game. Bihar zer?’ izeneko inkesta. Helburua da, 2050. urtea eszenatoki gisa hartuta, erronka berriei modu kolektiboan erantzun ahal izateko, EAEko 18 eta 35 urte bitarteko gazteen iritziak jasotzea.
Inkesta irekia da. Online jasotzen diren erantzunez gain, EAEn bizi diren 1.000 gazteren iritziak ere jasoko dira inkesta itxi paralelo baten bidez. Inkesta joko moduan aurkezten da eta hainbat gaien inguruko informazioa bildu nahi du: ekologia, jasangarritasuna, politika, gerrak, pandemia, adimen artifiziala… Euskaraz ere osatu daiteke.
‘The Future Game’ ekimena
Inkesta ‘The Future Game’ ekimenaren hasiera besterik ez da. izan ere, aipatu egitasmoa urtarrilera arte luzatuko diren zenbait fasetan banatuta dago. Lehen fasean inkestako datuak jaso ostean, bigarren fase batean 40 eguneko ikasketa prozesua zabalduko da Twitch plataforman. Bertan, 100 gaztek egungo errealitatea interpretatzeko eta etorkizunerako proposamenak lantzeko aukera izango dute.