Akabo pasahitz ahulak!

Erresuma Batuan onartu berri den lege baten arabera, bertan saltzen diren gailu adimendunek ahulak izan daitezkeen pasahitzak baztertzeko konfiguratuta egon beharko dute

Ziberdelinkuentzia gero eta pertsona gehiagori eragiten dien arazoa da mundu osoan. Izan daitezkeen erasoei aurre egiteko, beste neurri askoren artean, garrantzitsua da gure ekipoak pasahitz seguruekin babestea. Baina hori erabiltzaileen esku geratzen den zerbait da eta erabiltzaile askok, ezjakintasunagatik edo nagitasunagatik, oso erraz deszifratzen diren pasahitzak erabiltzen dituzte. Horien artean ohikoak dira 123456, qwerty edo antzekoak aurkitzea.

Arazo horrekin amaitzeko, Erresuma Batuak pasahitz ahulak debekatzen dituen lege bat jarri du indarrean. Apirilaren 29tik herrialde horretan saltzen diren gailu elektronikoek gutxieneko segurtasun maila bat bermatu beharko dute eta ez dituzte ahultzat jotzen diren pasahitzak onartuko. Hortaz, mundu osoan parekorik ez duen neurri horren ondorioz, ekoizleek beren gailuak egokitu beharko dituzte pasahitz ahulak errefusatzeko.

Ikerketa baten arabera, Erresuma Batuan gehien erabiltzen diren 10 pasahitzak honako hauek dira: 123456, password , QWERTY, Liverpool, 123456789, arsenal, 12345678, 12345, abc123 eta Chelsea.

Erresuma Batuan berriki egin den ikerketa baten arabera, etxe britainiar batek, batez beste, aste bakar batean mundu osotik etorritako 12.000 pirateria eraso informatiko jasaten ditu, gutxienez bost gailutan pasahitz ahulak asmatzeko 2.684 saiakerarekin. Azterlan horren arabera, horrelako erasoak esponentzialki hazi dira azken hilabeteetan.