Mende kafkiarra (eta etortzeke dagoena)

Bere heriotzaren mendeurrenarekin bat eginez, Bidebarrieta Kulturguneak Franz Kafka idazlea omentzeko ziklo bat antolatu du

‘Kultura eta Pentsamendua’ zikloa Bidebarrieta Kulturgunera itzuliko da Franz Kafka idazleari eskainitako edizio berri batekin. Zikloak bat egiten du idazle txekiarraren heriotzaren mendeurrenarekin. ‘Mende kafkiarra (eta etortzeke dagoena)’ izenburupean, maiatzeko lau astelehenetan zehar, autore txekiarraren lanaren dimentsio ezberdinak eta pentsamenduan eta literaturan izan duen eragina aztertuko dira.

Patxi Lancerosek aurkeztuko ditu jardunaldiak, eta Kafkaren lan zatikatu eta berezia izango dute ardatz, ezinezkoaren esplorazioak eta giro ezbehar eta zapaltzaileak sortzeak markatuta. Zikloaren helburua idazle bohemioaren lan liluragarritik ateratzen diren bideetatik ibiltzea da.

Zikloa maiatzaren 6an hasiko da ‘Oroimenaren izenak: oroitzapen kafkiarrak, Kafkaren ahanzturak’ hitzaldiarekin, Fernando Bayón Filosofian doktore eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko ikerketa-dekanordearen eskutik. Saio horretan, Kafkaren izena egoera edo jokabide zentzugabe eta larrigarriak deskribatzen dituen adjektibo bihurtzeari buruz hausnartuko da.

Maiatzaren 13an, Cristina Basilik, Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Filosofian doktore eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak, Kafkaren figura jorratuko du ‘Borondate oneko gizona: Kafka eta mundu komun baten eraikuntza’ izenburuko hitzaldian.

Zikloak maiatzaren 20an jarraituko du, Erromako La Sapienza Unibertsitateko filosofia teorikoan doktorea eta Lisboako Unibertsitateko irakasle Libera Pisanok eskainiko duen ‘Ezinezko hizkuntza. Kafka eta judaismoa’ izenburua duen hitzaldiarekin.

Azkenik, maiatzaren 27an, Roberto Navarretek, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan filosofian doktore eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean Ikasketa, Teknologia Berri eta Berrikuntzako dekanorde denak, emango dio amaiera zikloari, ‘Pragatik Jerusalemera: Kafka tradizioaren amildegiaren aurrean’ hitzaldiarekin.

“Mende kafkiarra (eta etortzeke dagoena)” zikloko hitzaldiak maiatzeko astelehenero izango dira, 19:00etatik aurrera, Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean. Sarrera librea izango da lekua bete arte.