Facebookeko milioi bat erabiltzaileri pasahitza lapurtu diote

Appleren eta Googleren app-dendak malware-erasoetarako leku aproposak omen dira

Facebook, Instagram edo Whatsappen enpresa nagusi Metak salatu duenez, iOSen eta Androiden Facebookeko pasahitza lapurtu ahal duen malware bat duten 400 aplikazio inguru daude. Zuckerbergen enpresak azaldu duenez, bai Google Play Storek, bai Apple App Storek malwarea duten aplikazioak igotzen uzten jarraitzen dute. Metak azaldu duenez, aplikazioren batek Facebook kontuaren bidez saioa hasteko eskatzen badu, aplikazio hori ez da fidagarria.

Zehazki, Metak Android sistemarako 355 eta iOS sistemarako 47 aplikazio susmagarri daudela iragarri du. Horiek guztiak aipatu sistemetako denda ofizialetan eskura daitezke. Sarritan, oso oinarrizko funtzioetarako aplikazioak dira: esku-argia, argazkiak editatzeko aplikazioak, kamerarako filtroak, emoji berriak… Adibidez, horrelako erasoak ekiditeko duela zenbait urte Androidek eta iOSek zuzenean esku-argiaren funtzioa barneratu zuten beren sistema eragileetan. Hala ere, asko dira bestelako esku-argiak deskargatzen dituzten erabiltzaileak.

Horrelako aplikaziok saioa Facebook kontu baten bidez hastea eskatu ohi dute, baina ez Facebookeko orri ofizialetik. Ostera, oso antzekoa den beste orrialde batera bideratzen dute erabiltzailea eta bertan gakoak sartuz gero, akabo!