Pandemiaren eragina gasteiztar gazteen osasun mentalean

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Covid-19ak eragindako pandemiak hiriko gazteen ongizate emozionalean izan duen eragina aztertu du

2020. urteko martxoan hasi zen pandemiak eta Covid-19ari lotutako murrizketek eragin garrantzitsua izan dute gazteen artean. Egoera horrek ongizate emozionalaren narriadura eragin du biztanleria osoan, baina bereziki, gazteengan.

Gazteen errealitatea ezagutu nahian, osasunari dagokion alderdia barne, Gasteizko Gazteria Zerbitzuak ‘Gasteizko biztanleria gaztearen osasun mentalaren egoeraren inguruko diagnostikoa’ izenburua duen azterlana egin du. Ikerlanak 12 eta 30 urte bitarteko 1.000 gazteri egindako inkesten emaitzak jasotzen ditu, bereziki, ikaskuntza zentroetan egindakoak DBHtik aurrera eta unibertsitatea barne.

Ondorioak biltzen dituen txostenaren arabera, aukeraz, ilusioz eta hazkundeaz betetako bizi-etapan egoera pandemikoak gogor eragin dio Gasteizko gazteriari eta buru-osasuneko arazoak areagotu edo garatu ditu.

Adibidez, Gasteizko Udalak eskaintzen duen gazteentzako aholkularitza psikologikoak jaso dituen eskaeren kopurua nabarmen hazi da. Igoera hori, gainera, aurretik zen goranzko joera batekin elkartu da.

Emaitzak

Txostenean jasotako emaitzen arabera, gazte gehienek, inkesta egin zen garaian (2022an), ondo zeudela azaldu zuten. Pandemiari dagokionez, gazteen artean gehien aipatu diren sentimenduak tristura eta ulertezintasuna dira, eta, neurri txikiagoan, lo egiteko eta/edo kontzentratzeko zailtasunak, baita haserrea edo frustrazioa ere. Bakardade sentsazioa ere aipatu dute.

Gaizki sentitzen diren gazteen ehunekoak gora egiten du, adibidez, laneko zailtasunekin erlazionatzen direnean. Izan ere, aldi baterako lan-erregulazioen kasuek edo familien artean enplegua galtzeak nabarmen eragin die gazteei. Horrez gain, lan-munduan sartzeko ziurgabetasuna eta zalantzak areagotu dira.

Inkestan jaso denez, ehuneko txiki batek eskatu du laguntza psikologiko profesionala pandemiaren eraginez.

Etorkizunera begira gazteek dituzten kezkei dagokionez, gazte gehienek zalantza handiak azaltzen dituzte, batez ere, epe ertain eta luzera begira.

Azpimarratzekoa da gizon gazteak emakume gazteak baino baikorragoak azaltzen direla. Oro har, ia esparru emozional gehienetan, emakume gazteek pandemiak haien osasun mentalean eragin handiagoa izan duela aipatzen dute.

Ikasten ari diren horien artean asko dira  kontzentratzeko arazoak dituztela diotenak. Horrek, gainera, eragin negatiboa izan du emaitza akademikoetan. Hala ere, ikasle gehienek aitortzen dute ez dituztela arazo handirik izan  online eskolak jarraitzeko edo baliabide telematikoak erabiltzeko.

Sozializazioa

Era berean, gazte askorentzat, beren ikastetxera edo lantokira joateak, eskolaz kanpoko jardueretan, kirol-jardueretan, aisialdiko taldeetan eta abarretan parte hartzeak erraztu egiten zien sozializatzea eta denboran iraungo zuen gizarte-zirkulu bat sortzea. Pandemiak eragindako itxialdiak jarduera horiek guztiak eten zituen eta, horrek eragin nabarmena izan du gazteen osasun-mentalean. Eragin hori, gainera, ez zen soilik itxialdira mugatu eta ondorengo asteetan ere eman da.

Txostenak aipamen berezia egiten die sozializatzeko zailtasunei. Gazte askok azaldu dute lagunak galdu edo lagunak mantentzeko arazo handiak izan dituztela. Horrez gain, ezinezkoa izan zaie harreman berriak egitea. Horrek guztiak ere eragin psikologiko handia izan du.