Datorren ikasturtean, Etxepare Euskal Institutuak martxan jarriko ditu euskal Ikasketen inguruko hiru katedra berri. Katedra berriak Quebecen (Elbira Zipitria katedra), Galesen (Alan R. King katedra) eta AEBen (Frank Bidart katedra) irakatsiko dira. Katedra berriek euskal institutuaren zenbait lan ildo islatuko dituzte, hala nola, nazioarteko harreman kulturalen sorrera, hizkuntzalaritza esparruko ikerketaren sustapena eta diasporaren hauspotzea.
Elbira Zipitria katedra Quebeceko McGill Unibertsitatean sortuko da; Alan R. King katedra, berriz, Galeseko University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean eta, azkenik, Frank Bidart katedra, AEBko California State University Bakersfield unibertsitatean.
Elbira Zipitria katedra
Etxepare Euskal Institutuaren eta Montrealgo McGill Unibertsitatearen artean itxitako akordioari esker, euskal ikasketen eta euskararen ezagutza zabaldu eta gai horren inguruko ikerketa sustatu nahi da. Euskal ikasketak berrikuntza kulturalari lotuz, euskararen irakaskuntzaren sustapenean lan egingo da, betiere, ardatza mugimendu kultural berritzaileetan jarriz. Katedra hori irakasle baten egonaldiarekin gauzatuko da. Irakasle horrek gutxienez bi hitzaldi eta irakaskuntza eta ikerketa mintegietan integratutako hainbat saio emango ditu.
Alan R. King katedra
Alan R. King hizkuntzalari, hizkuntza gutxituen aldeko aktibista eta 2003. urteaz geroztik euskaltzain urgazlearen izena daraman katedra berriari esker Galesko Unibertsitateko graduondoko programetan eta Galesari eta Zeltari buruzko Ikasketa Aurreratuen Zentroko ikerketa-foroetan euskal ikasketak sustatuko dira hitzaldi eta mintegien bidez. Katedra horren xedea da soziolinguistikaren, hizkuntza-plangintzaren eta euskal nahiz galeseko hizkuntza-politikaren inguruko ikerketa eta lankidetza akademikoa sustatzea, eta bi hizkuntzen eta kulturen arteko ezagutza bultzatzea.
Frank Bidart katedra
Frank Bidart katedra CSUB California State University Baskerfieldeko Euskal Ikasketen Institutuan sortuko da kulturarekin eta artearekin harremana duten egitasmoak bultzatzeko eta sormen proiektuen garapena sustatzeko. Esparru akademiko eta artistikoa landuko da. Hori da, hain zuzen ere, katedra horren berezitasunetako bat; izan ere, CSUBn egonda, ikerketa-proiektu batetik arte-sorkuntzako proiektu batera arte garatu ahal izango da.