Euskara eta euskal kultura irakasteko erronkak gainditzen

Etxepare Euskal Institutuak euskaren eta euskal kulturaren irakaskuntzan egindako lana eta aurrera begira diren erronkak aztertzeko uda ikastaroa antolatu du

Uztailaren 11 eta 12 bitartean, EHUko Uda Ikastaroen barruan eta ‘Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira’ izenburupean Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa ospatuko da Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroa Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du.

Helburua, aurten, bi norabidetara begiratzea izango da, hots, aurrera eta atzera. Horrela, alde batetik, ikastaroan parte hartzen dutenek euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan orain arte egin denaren inguruan hausnartuko dute. Bestalde, aurrera begira, lan horretan azaltzen diren erronka berriei nola egin ahal zaien aurre aztertuko da.

Ikastaroaren xedea da egungo zein etorkizuneko irakurleen  formakuntza sendotzea. Horretarako euskararen eta euskal kulturaren jakintza arloko hainbat aditu izango dira. Ikastaroan izango diren hizlariak dira: Garbiñe Iztueta (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria), Maite Goñi (Aholkularia eraldaketa digitalean), Joseba Sarrionaindia (idazlea eta irakaslea); eta, Xabier Paya (bertsolaria eta itzultzailea), Claramunt Araitz (euskara eta euskal kulturako irakurlea), Karlos Cid, Amaia Gabantxo (abeslaria eta itzultzailea), Aritz Galarraga, Eskarne Lopetegi (HABE), Gorka Mercero eta Lourdes Miquel.

Ikastaroan izena emateko aukera jada zabalik dago. Bertaratu ezin duten horiek Zoom bidez jarraitu ahal izango dute ikastaroa.