‘Euskaraz barra-barra’, euskararen erabilera sustatzeko bereizgarri bateratu berria, hizketa-guneak identifikatzeko eta herritarrek bertan, estres linguistikorik gabe, euskaraz egin ahal izatea bermatzeko sustatu da.
Proiektu honen bidez, ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera eskaini nahi da, eta proiektu iraunkorra izango da eta urtez urte euskararen lurralde osora zabaltzen jarraituko du.
Bereizgarria herri askotan zabaltzen hasi da, eta aurreikuspenen arabera, 2023. urtea amaitu baino lehen 153 hiri eta herritan izango da ikusgai, tartean EAEko 3 hiriburuetan.
Bestalde, ‘Euskaraz barra-barra‘ bereizgarria Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuan jasota dago. Dekretu horrek erakunde publiko eta pribatuen jarduera eta kudeaketan euskararen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko sistema arautzen du. Arau berri honek ‘Bikain’ kalitate-ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatzen du. Horrez gain, euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara iristeko beste bereizgarri eta aitorpen batzuk txertatu dira.
Ekimena ezagutarazteko, kanpaina bat jarri da abian herritarrak euskaraz hitz egitera animatzeko ‘Euskaraz barra-barra’ ikur gorria ikusten duten establezimenduetan.
Bereizgarriaren helburuak
‘Euskaraz barra-barra’ ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da, bezeroetan euskararen erabilera bermatzeko eta hizkuntza lasaitasunez erabil dezaten. Bereizgarri iraunkor berria atxikipenetik haratago doa: marka erakusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, euskararen ulermena uneoro bermatuta egongo da. Gainera, bereizgarri berriak euskaraz hitz egiteko gonbidapena ere izan nahi du.
Proiektu honen bidez, ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera eskaini nahi da, honako lau helburu hauetan oinarrituta: euskararen erabilera sustatzea sektore pribatuan eraginez; herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta bermatzea; euskaldunen hizkuntza-nahasmena eta -estresa murriztea; euskara biziberritzearen inguruko kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.