124 udalerrik bat egin dute hirugarren urtez jarraian garatuko den “Eskatu, eskaini euskaraz” kanpainan. Euskal Autonomia Erkidegoan diren UEMAko 80 udalerriez gain, Arabako beste 8k, Bizkaiko beste 22k eta Gipuzkoako beste 14k ere bat egin dute kanpainarekin. Aurreko urteko kanpainarekin alderatuta, parte hartuko duten udalerrien kopurua bikoiztu egin dela azpimarratu behar da.
“Eskatu, eskaini euskaraz” kanpainaren xedea da kontsumitzaileak eta merkatariak aktibatzea ostalaritzan eta merkataritzan euskaraz aritzeko. Kanpaina abenduaren 4an hasi eta 31ra arte luzatuko da eta aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan ostalaritzara ere zabaldu da.
Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian azpimarratu denez, elkarlanean oinarritutako kanpaina izango da. Hortaz, udalerri bakoitzak bere errealitatera egokitutako estrategia jarraitu ahal izango du. Gainera, Euskaraldiak hasitako dinamikari jarraipena emateko aukera eman diezaioke.