Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak garatzen duen Agenda Nagusik adinkeria izan du ardatz aurten. Adinkeria taldeen edo norbanakoen aurka haien adinean oinarrituta gauzatzen den diskriminazioa da.
Aipatu agendaren barruan, urtean zehar belaunaldiarteko hamaika topaketa izan dira eta horietan, 300 pertsona inguruk parte hartu dute; gazteak eta adinekoak. Bertan parte hartu duten gazte guztiek azaldu dute baztertuta sentitu direla inoiz adinagatik. Pertsona helduen kasuan, kopuru hori % 48raino jaisten da.
Agenda Nagusiko koordinatzaile Beatriz Gázquezek azaldu duenez, topaketa horietan adinaren inguruko hainbat estereotipo azaldu dira. Adibidez, gazteek zahartzaroa “ahultasunarekin, gaixotasunarekin edo zaintzarekin” lotzen dute eta adinekoak pertsona “serio, kontserbadore, tradizional eta aspergarritzat” jotzen dituzte. Adinekoek, berriz, “berekoitzat eta indibidualistatzat” jotzen dituzte gazteak, bai eta “arduragabe eta axolagabetzat” ere.
Topaketetan agerian geratu den beste bazterkeria mota bat norberak bere buruari jartzen diona izan da. Fenomeno hori, nagusiki, adinekoen artean azaltzen da.
Eztabaida- eta hausnarketa-foroek helburu bikoitza izan dute. Alde batetik, egungo gizarte-ereduan nagusi diren balioen inguruan eta belaunaldiei nola eragiten dieten hausnartu nahi izan da. Eta, bestetik, Euskadin, hainbat esparrutan (lana, etxea, gizartea, ekonomia, osasuna, irudia eta komunikabideak), adinagatik gerta daitezkeen diskriminazio-egoerak identifikatu nahi izan da.