Atlantikaldia Errenteriara iritsiko da irailaren 14tik 17ra

Jaialdiak 59 jarduera eta emanaldi programatu ditu musika, dantza, artea, literatura, historia eta gastronomiaren inguruan

Atlantikaldia Jaialdiak bere 10. edizioa ospatuko du aurten eta “Bitakora” lelopean Errenteriako kaleak hartuko ditu irailaren 14tik 17ra. Atlantikaldiak musika, dantza, artea, literatura, historia eta gastronomia ardatz izango dituzten 59 jarduera eta emanaldi programatu ditu. Eskaintza anitza eta koloretsua duen ekitaldia da, publiko guztia bertaratzeko aukera izango duena.

Lehenengo edizioetan, Atlantikaldiak historikoki berreskuratu zuen Errenteriak itsasoarekin zuen lotura; baina ez hori bakarrik, hasieratik munduko kulturen arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatu ditu, arte-diziplina desberdinen bitartez. Horrela, jaialdia 2023ra iritsiko da, udalerriaren izaeraren ezaugarri den kultura-aniztasunaren estandarte bihurtuta.

Egitaraua

Jaialdiaren egitaraua lau gune nagusitan banatuko da: agertoki nagusia izango den “Itsasargi Nagusia“; “Herriko Plaza“, emanaldi intimoagoetarako; “Kalekaia“, hiriko artistentzako topalekua; eta “Herrixka“, jarduera parte-hartzaileetarako gunea eta foodtruck-etako gastrogunea.

Torrekuako ingurua ere eszenatoki naturala izango da aurten. Dantza izango da protagonista larunbatean, hilak 16, Kukai Dantzaren eta ‘Share’ proiektu kolektiboan parte hartzen duten nazioarteko dantzarien ‘Yarin – Site Specific’ emanaldiaz gozatu ahal izango baita.

Musikari dagokionez, Szamana Contraste, Olaia Inziarte, EDE, Yaima Orozco, DJ Rita, Doble & Hugsound, Rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Trouble Woman, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso arituko dira, besteak beste.

Ez dira faltako Errenteriako EMKE bandaren “Bi lurralde, hizkuntza bat” emanaldia eta bertako Herri Arte Eskolak Galesko 3 artistekin egindako hilabeteetako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, “Galestar konexioa”. Zerrenda horri “Itsas Elkarrizketak” kolaborazioak gehituko zaizkio: Fémina eta Bea eta Idoia Asurmendi; Aywa eta Kimu Txalaparta; Nidia Góngora eta Olaia Inziarte; Bia Ferreira eta Iban Nikolai; eta Rodrigo Cuevas eta Dupla eta Hekthorfolk.

Gastronomia eta bisita gidatuak

Literaturak, gastronomiak, haur eta helduentzako ikastaro eta tailerrek, paddle surf, bisita gidatuak, bitakontakizunak, ziklobira, dantza polinesiarrak eta afro urban tailerrak bezalako proposamenekin osatuko dute lau eguneko egitaraua.

📷 Olana Liss