Googleren bilatzailearen emaitzek euskarazko web edukien ikusgarritasunari kalte egiten izan ondoren, bilaketen emaitzetan euskarazko edukia lehen tokira itzultzea lortu dute.
Uztailean Puntueus Fundazioak euskarak Googleren bilaketa-emaitzetan izan zuen atzerakada salatu zuen. Ondorioz, Googlek algoritmoa aldatu eta gure hizkuntzan dauden edukiek ikusgarritasuna berreskuratu dute. Izan ere, behatokiak egin zuen analisiaren arabera, Googleren bilatzaileak gaztelaniazko emaitzekin erantzuten zien erabiltzaile euskaldunei, era horretan euskara “diskriminatuz”.
Fundazioak egindako azterketaren arabera, laginaren emaitzen erdia baino ez zegoen euskaraz lehen tokian. Gaur egun, berriz, Google bilaketetan euskarazko emaitzen % 73 agertzen da lehen tokian.
Puntueusek Googleren esku utzi zituen azterketaren emaitzak bilatzailean euskararen presentzia berreskuratzeko. Googlek argitara eman duen oharrean azaldu duenez, hizkuntzei tratamendu egokiagoa emateko asmoz bere bilatzailearen algoritmoa eguneratu du. Gainera, Puntueus bezala lagundu dioten erakundeen ekarpena ere eskertu du.
Euskarazko Wikipedian ere hobera egin dute datuek. Duela bi hilabeteko emaitzei erreparatuz gero, Googleren bilaketetan Wikipediaren euskarazko emaitzak % 45 baino ez ziren lehenesten. Algoritmoaren aldaketen ondoren, lehen tokian agertzen diren euskarazko emaitzak % 80 dira.
Aurretiazko urratsak
Kezkaren eta ondorengo salaketaren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català delako erakundeak egindako ikerketa izan zen. Ikerketa horren koordinatzaileak, Albert Cuestak, uztaileko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Googleren algoritmoak katalanaren ikusgarritasunean duen eragina aztertu zuen bilaketak egiterakoan, eta 2022ko udaberritik aurrera gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanez zeudenak zigortzen ari zela ondorioztatu zuen. Gaur, euskararen kasuan bezala, katalanak aurrerapauso handia eman du Interneten bere espazioaren berreskurapenean, Googlek egindako eguneraketari esker.