Googlek euskara diskriminatu egiten du

Puntueus Behatokiak adierazi du Interneteko bilaketa-plataforma nagusiak egindako aldaketek zuzeneko eragina dutela euskarazko Wikipediaren
bisita-kopuruan

Interneten euskarak duen presentzia aztertzen duen Puntueus behatokiak salatu duenez, Googleren bilaketa-algoritmoak euskara “diskriminatu” egiten du.

Ondorioa Aliança per la Presència Digital del Catalàk katalanak Interneten duen presentziari buruz egin duen ikerketaren metodologian oinarritu da. Ikerketa horren arabera, 2022ko udaberritik, Googlek gaztelaniazko emaitzak lehenesten ditu katalanaren aldean, bilaketa egiten den hizkuntza edozein dela ere. Ildo horretan, katalanaren ikusgaitasunak behera egin du aztertutako webguneen % 66,5ean.

Euskarazko Wikipediaren arduradunek ere aldaketa bat antzeman dute Googleren algoritmoan; izan ere, bisiten guztizko kopuruak goranzko joera izan du, baina zenbait arlotan behera egin du.

Euskarazko Wikipediaren arduradunak, Luistxo Fernandezek, webgunea ondo elikatzen duten frogak dituztela dio, baina “eremu zehatz” batzuetan trafikoa galtzen dutela. “Ziur gaude gakoa Googleren bilaketa deribatuetan dagoela”, adierazi du.

Euskaraz eskatu, gaztelaniaz erantzun

Puntueus behatokiak antzeman duenez, “Googlek erabiltzaile euskaldunen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzun die”, eta horrek “ondorio larriak ditu, euskara baztertzen duelako eta erabiltzaileak gaztelaniaz nabigatzera eramaten dituelako, Interneten gure hizkuntzaren ikusgarritasuna murriztuz”, azaldu du Josu Waliño erakundeko arduradunak.

Googlek euskarazko erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzun die, euskarak Interneten duen ikusgaitasuna murriztuz

Googlerekin arazo horiek izan arren, behatokiak datu baikorrak eman ditu; esaterako, 2018an egindako azken txostenetik bikoiztu egin da bere gailuak euskaraz konfiguratu dituzten erabiltzaileen kopurua.

Hala, erabiltzaileen % 4k, oro har, eta EAEko erabiltzaileen % 15ek, berriz, euskarazko gailuak dituzte.

Bestalde,  .eus domeinuek % 9ko hazkunde-tasa izan dute 2022an, 14.266 domeinutara iritsi arte.