Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologiako doktoregai Maider Zubelzuk Parkinsonen gaixotasunaren diagnostiko goiztiarrari buruz idatzitako ¿Se puede oler la enfermedad de Parkinson? artikuluak irabazi du Fundación Lilly-The Conversation Medikuntza eta Osasunari buruzko Dibulgazio Sariaren aurtengo edizioa.
Zubelzuk modu enpirikoan azaltzen du gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsonek usaimenak detektatzeko moduko usain zehatzak sortzen ei dituztela. Ikertzaileak gaixotasun jakin batzuen eta gaixotasun horiek dituzten pertsonek sortzen dituzten usain espezifikoen arteko erlazioa aztertu du eta horrek aukera berriak irekitzen ditu Parkinsonen gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egiteko eskuragarri dauden biomarkatzaileen arloan. Bereziki, aipatzekoa da gaixotasun neurodegeneratibo horren adierazle goiztiar gisa duen garrantzia, 2040. urterako 12 milioi pertsona baino gehiagori eragingo diela kalkulatzen baita.
Epaimahaiak Zubelzuren artikulua saritu du, aurrerapen zientifiko bat deskribatzen duen bitartean istorio bat kontatzeko duen trebetasunagatik. Epaimahaiak nabarmendu ditu azterlanaren ikuspegi enpirikoa eta herritarrak Parkinson bezalako gaixotasunen kasuan diagnostiko goiztiarrek duten garrantziaz kontzientziatzeko gaitasuna.
Maider Zubelzuren doktore-tesiaren proiektua Parkinsonen gaixotasunaren ingurukoa da. Zubelzuk berak aitortu duenez, “oso interesgarria iruditu zitzaidan duela urte batzuk aurkitu zuten eta nire tesiaren tutore Teresa Morera-Herrerasek aipatu zidan gaixotasun horren alderdi bitxi bati buruz hitz egitea. Funtsezkoa iruditzen zait halako gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egitearen garrantziaz kontzientziatzea biztanleak orokorrean”. Duela urte batzuk, Joy Milnek, erizain erretiratu batek, parkinsonaren usaina hartu zion bere senarrari. Zubelzuri istorio hori adibide ezin hobea iruditzen zaio usainak parkinsonaren detekzioan duen garrantzia azpimarratzeko, “protagonista komunitate zientifikotik kanpoko pertsona bat delako eta irakurleak istorioarekin eta, beraz, atzean dagoen mezuarekin hobeto konekta dezakeelako”.