Txinako, Italiako eta Estatu Batuetako ikertzaile talde batek Science aldizkarian argitaratu berri duen azterlan baten arabera, gizakion biziraupena arriskuan jarri zuen botila-lepo luze bat eman zen. Zehazki, 117.000 urtez, 1.300 gizaki ugaltzaile inguru gai izan ziren gizakion populazioari eusteko. Biologian botila-lepo terminoa erabiltzen da iraganeko uneren batean espezie baten kide kopurua nabarmen jaitsi denean, kasu gehienetan, desagertzeko arriskuan izan arte.
Ikerketak agerian utzi duenez, milaka urtez gizakion biztanleria oso urria izan zen eta, hortaz, espezie gisa desagertzeko arriskua oso altua izan zen. Adituen ustez gizakion biztanleria 100.000tik 1.300 ingurura jaitsi zen. Horretarako arrazoi nagusiak, betiere ikerlanaren arabera, kliman izandako aldaketak izan ziren.
Ikerlan horrek, nolabait, Afrikako eta Eurasiako fosilen erregistroan den ‘hutsunea’ azalduko luke. Hutsune hori duela 930.000 eta 813.000 urte bitarteko garaiari dagokio, pleistozenoaren erdialdean, gutxi gora behera. Sua kontrolatzeko gaitasunari esker eta klima-baldintzak hobetzearekin batera antzinako gizakien biztanleriak gora egiteko aukera izan zuen. Gaur egun, 8.000 milioi gizaki baino gehiago bizi gara planetan.
Metodologia berria
Aurkikuntza FitCoal izena duen metodologia berri bati esker egin da. Horri esker, gaur egungo 3.154 gizabanakoren giza sekuentzia genomikoak erabiliz, doitasunez zehaztu ahal izan dira inferentzia demografikoak. Pleistozenoaren erdialdean izan zen botila-lepoa argitu ahal izan bada ere, ikertzaileen ustez oraindik erantzun gabe dauden hainbat galdera geratzen dira. Azterlanaren buru izan den Li Haipeng-ek azaldu duenez, “aurkikuntza hauek hasiera baino ez dira. Ezagutza hauek abiapuntutzat hartuta, etorkizunera begira helburu da Pleistozeno goiztiarretik Pleistozeno ertainerako trantsizio-aldi honetan giza eboluzioaren irudi osoagoa zirriborratzea, eta horrek, aldi berean, giza jatorri eta eboluzio goiztiarrak suposatzen duten misterioa argitzen jarraituko du”.