Euskal Autonomia Erkidegoko bost garapen agentziak ‘Hizkuntzak kudeatzen’ proiektu pilotu bana egingo dute datozen hilabeteetan, euskara lehiakortasun aldagai gisa garatzeko. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abiatu du Garapen elkartearekin elkarlanean eta Amurrio Bidean, Bermeoko Udala, Barakaldoko Udala-Inguralde, Goieki eta Urola Kostako Udal Elkartea garapen agentziek parte hartuko dute.
Garapen agentziak enpresen zuzeneko lehen harreman izan ohi dira, non hizkuntzen kudeaketaren balio ekonomiko eta soziala bultzatzea aurrerapauso handia izango litzatekeen eremu sozioekonomiko pribatuan ere euskarak tokia izan dezan.
Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, enpresen lehiakortasuna baldintzatzen duen faktoreetako bat hizkuntzen kudeaketa da, besteak beste, balio integratzailea baitu. Gure inguruko enpresen kasuan, euskara kontuan hartu beharreko hizkuntza da hizkuntzen kudeaketa global horretan, negozio-faktore gisa, bezeroen gogobetetze-faktore gisa, langileen motibazio-balio gisa eta gizarte-erantzukizun gisa.
Garapen agentziek enpresen beharrak hautematen eta enpresen neurrirako laguntzak eta irtenbideak eskaintzen dituzten heinean, haien helburua enpresei laguntzea da, beren kudeaketa-, lehiakortasun- eta produktibitate-ereduak egungo merkatuaren eta gizartearen eskaeren mailan egon daitezen.
Proiektuaren lehenengo fasea
Maiatzaren 16an, ‘Hizkuntzak kudeatzen’ formakuntza-saioak egin ziren Zarauzko Urola Kostako Udal Elkartean, eta 25ean, berriz, Garapenek Boroan dituen bulegoetan, proiektuaren lehen fasearen barruan, Garapen elkartea osatzen duten 34 garapen agentzietako 30 bat teknikarik parte hartu zuten.
Hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean duen eraginari buruz hausnartzeaz eta sakontzeaz gain, ariketa praktikoak egin zituzten, lagungarriak izan daitezkeen tresnetan sakonduz eta kasu praktikoak landuz.
‘Hizkuntzak kudeatzen’
Egitasmoaren bigarren fasean, pilotua bost garapen agentziatan gauzatuko da, AHIZE aholkularitza etxearen laguntza teknikoarekin.
Garapen agentziek, beren teknikarien bitartez, enpresei aholkularitza eta zerbitzuak eskaintzen dizkietela kontuan hartuta, pilotuaren helburua da hizkuntza-kudeaketa egokiaren garrantzia enpresei transmititzeko beharrezkoak diren materialak, metodologia, diskurtsoa eta bitartekoak sortzea eta agentzien teknikarien eskura jartzea.
Bi orduko bi lan saio izango dira: ‘komunikazio lanketa edo sentiberatzea’ eta hizkuntza eta euskararen kudeaketari buruzko diskurtsoaren lanketa’. Gainera, aholkularitza pertsonalizatua egingo dute agentzia bakoitzarekin kasu zehatzak lantzeko.