Iruña-Veleia ezagutzeko bisita gidatuak

Besteak beste, merkatu publikoaren aztarnak, hiriko harresiak, tenplu bat eta domus motako etxebizitzak ezagutzeko aukera ematen du ibilbideak.

Irailaren amaierara arte bisita gidatuen bidez Iruña-Veleiako aztarnategia ezagutzeko aukera izango da. Bisitak larunbat eta igandeetan izango dira, eguerdiko 12etan, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea. Astegunetan bisitak egin nahi izanez gero, orduan bai, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da educacionmuseosyarqueología@araba.eus webgunearen bidez.

Proposatzen den ibilbideak, besteak beste, Besteak beste, macellum-aren (merkatu publikoa) aztarnak, hiriko harresiak eta harresiaren barruan (oppidum) tenplu bat eta domus motako etxebizitzak ezagutzeko aukera ematen du (garai hartako familia aberatsetan ohikoak). Ibilbidean zehar hamar puntutan gelditzeko aukera izango da. Puntu horietan informazio-panelak daude bisita modu independentean egin nahi duten horientzat.

Historia

Iruña-Veleiako aztarnategia Iruña Okan da, Zadorra ibaitik gertu. 126 hektareako azalera du eta horietatik, 11 harresituta egon ziren. Iruñeko okupazio ezagunak 1.500 urte baino gehiagoko historia du, K.a. lehen milurtekotik K.o. V. mendera arte. Kristo Ondorengo I. mendearen lehen erdialdean (Julio-Caludiaren garaian) agertu ziren lehen domusak edo hiri-etxebizitza erromatarrak. I. mendea aurrera zihoala, Flavia garaian, hiriak bere mailarik gorenena lortu zuen, luxuzko etxebizitzak eta eraikin publiko handiak eraikiz, eta Iruña hiriak hartu zuen garrantziarekin bat datorren hirigune bat osatu behar izan zuten.

Iruña–Veleia hiri gisa loratu zen, seguru asko, Arabako lurraldea komunikazio-bide nagusi batek zeharkatzen zuelako: galtzada batek, Iter XXXIV izenarekin ezagutzen den galtzada, hain zuzen ere. Aipatu bideak Astorga eta Bordeleko hiri garrantzitsuak batzen zituen.

Ondare arkeologikoak babesteko kanpaina

Bestalde, Arabako Museoen eta Arkeologia Zerbitzua ondasun arkeologikoen ustekabeko topaketei buruz kontzientziatzen saiatzen da, lurraldeko udalerrietara kartelak eta liburuxkak bidalita. “Ondare arkeologikoa guztiona da! Lagun iezaguzu babesten!” lemapean, informazio-kanpaina honek azaltzen du zer egin norbait Araban ondasun arkeologiko bat aurkitzen bada, baita obra baten ondoren edo nekazaritza-lanen ondorioz agertu bada ere. Gainera, horrelako ondasun arkeologikoak detektatzeko metal-detektagailurik ez erostea gomendatzen du.