Enpresa teknologikoen aurrean adingabeen interesak babesten dituen Fairplay For Kids erakundeak egin duen ikerketa baten arabera, algoritmoek elikadura nahasmenduak sustatzen dituzten edukiak gomendatzen dizkiete haurrei eta nerabeei.
Nahasmendurako diseinatzen: Instagrameko elikadura-nahasmenduen burbuila izenburua duen txostenean, Instagrameko enpresa nagusia den Metari gazteenen osasunerako kaltegarriak diren edukiak erakutsi izana leporatzen zaio. “Algoritmoek dieta murriztaileak eta muturreko pisu galera sustatzen duten irudiak, bideoak eta memeak erakusten dizkiete haur eta nerabeei”.
Txostenak azaltzen duenez, Instagramen, gutxienez, elikadura-nahasmenduak sustatzen dituzten 90.000 kontu aurki daitezke eta horiek guztiek 20 milioi erabiltzaile inguru dituzte. Hau da, Instagrameko 75 erabiltzailetatik bat burbuila horretako norbaiten jarraitzailea da. Gainera, arazo horrek, nagusiki, gazteei eragiten die. Izan ere horrelako kontuen jarraitzaileen batez besteko adina 19 urtekoa da. Zehazki, hirutik bat adingabekoak dira, eta milioi erdi jarraitzaile baino gehiago dituzte.
Ikerketak agerian utzi duenez, badira elikadura-nahasmenduak sustatzen dituzten hiru kontu edo gehiago jarraitzen dituzten bederatzi urteko haurrak. Instagramen politikak ezartzen duenez, erabiltzaileek, gutxienez, 13 urte izan behar dituzte profil bat sortu ahal izateko.