Unibertsitarioak despopulatzeari eusteko

Nafarroako Gobernuak eta NUP Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute despopulatzeak jotako udalerrietan gazteen 28 prestakuntza-egonaldi finantzatzeko

Nafarroako Unibertsitate Publikoko 28 ikaslek  lau hilabeteko iraupena duten prestakuntza-praktikak burutuko dituzte ‘Sustraiak’ programaren barruan.  Praktika horiek despopulatzeak jotako udalerrietan kokatuta dauden 250 langile baino gutxiago dituzten erakunde publiko zein pribatuetan egingo dira.

Aurtengoa ‘Sustraiak’ landa ‘Erasmusaren’ bigarren edizioa da. Programaren xedea da unibertsitateko ikasleria Nafarroan despopulatzeak jota diren udalerrietara hurbiltzea lurraldeak berrorekatzen laguntzeko.

Programak tokiko garapena sustatu, gazteak landa-eremuetara errotu eta gizartean landa-ingurunearen eta haren aukeren kontzientzia sortu nahi du. Gainera, ikasleriak herriak eta landa-eremua ezagutzeko aukera izatea sustatzen du murgiltze-prozesu baten bidez. Asmoa da behin praktikak amaituta unibertsitarioak ingurune horietan geratzeko aukera izatea da.

Pasa den urtean izandako edizioan, programaren lehena, 9 gaztek despopulatze arriskuan diren honako udalerritan burutu zituzten beren praktikak: Allo, Barbarin, Berbintzana, Deikaztelu, Esa, Hiriberri Aitzibar, Irunberri eta Mendaza.

Ikasleak

Programan TalentUPna programaren edozein unibertsitatetan eta titulaziotan graduatutako gazteek parte har dezakete. Era berean, edozein gradu, master eta despopulazioak eragindako udalerrietan garatzekoak diren curriculumetik kanpoko praktiken programari atxikita dagoen NUPeko truke-programako ikasleek ere parte hartu ahal izango dute.

Parte-hartzaile bakoitzak 3.636,70 euro jasoko ditu ikasketetarako laguntza gisa. Kopuru horrekin joan-etorriak, ostatua, mantenua eta egonaldiagatik sor daitezkeen bestelako gastuak ordaindu beharko dira. Programa ikasturte honetan bertan gauzatuko da eta formakuntza-jarduerak 2022. urteko azaroaren 20 baino lehen amaitu beharko dira.

Sustraiak programa Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan kokatzen da. Plan hori Erronka Demografikoaren aurreko Estrategiaren barruan foru-gobernuak garatzen duen ekintzetako bat da.

Nafarroan, lau udalerritik bat despopulatze arrisku larrian aurkitzen da; hots, Foru Erkidegoan diren 272 udalerrietatik 76. Udalerri horietatik guztietatik gehienak Pirinioak, Pirinioaurrea, Zangozerria, Erdialdea eta LarraunLeizaldea eskualdeetan aurkitzen dira.