Punto de Vista Iruñeko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak hemezortzigarren edizioa martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo da hiriko hainbat tokitan. NICDO sozietate publikoak antolatua eta Nafarroako Gobernuak sustatua, ekitaldi zinematografiko hau bere generoan garrantzitsuenetako bat bezala nabarmentzen da, Kulturaren Nafarroako Behatokiaren arabera.
Jaialdiaren inaugurazioan, Oskar Alegria bertako zinemagilearen “Zinzindurrunkarratz” filmaren Nafarroako estreinaldia izango da. Alegria jaialdiaren zuzendari artistikoa izan zen 2013 eta 2017 artean.
80 film
Guztira 65 saio eta 80 film inguru izango dira ikusgai. Aurtengo edizioa anitza izango da, baina, aldi berean, bateratua eta irekia. Programazioa sei sail handitan banatzen da: Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza-programa. Saioak hainbat egoitzatan izango dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza Museoa, Civivox Kondestable, Civivox Mendillorri eta Nafarroako Filmategia.
Sail ofizialaren barruan 15 herrialdetatik (Argentina, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Kanada, Kolonbia, Hego Korea, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, India, Japonia, Ipar Mazedonia eta Peru) etorritako 23 film lehiatuko dira, eta zinema dokumental garaikidearen askotariko erakusketa eskaini nahi dio publikoari. Gainera, berritasun gisa, zeharkako hainbat ibilbide proposatu dira (Lehen pertsona, Generoa(k), Planeta eri, Hurbildu Punto de Vistara), sail guztiak bilduz. Ibilbide horietan memoria, indibidualismoa, desparekotasunak, feminismoa, queer gorputzak eta ingurumen-larrialdia bezalako gaiak jorratuko dira.
Punto de Vistaren ardatz nagusia zinema da, baina proiekzioez gain, kontzertuak, DJ saioak eta zuzeneko irratsaioak ere eskaintiko ditu jaialdiak. Punto de Vista Gauetan, publikoak Mon Dvy, DJ Rizos, Señora, DJ Moderno eta Brecha bezalako tokiko artisten talentuaz gozatu ahal izango du Txintxarri tabernan. Era berean, Radio 3ek “Tres en la Carretera” programaren bi grabazio egingo ditu Baluarteko hall-etik martxoaren 12an eta 13an.
Sarrerak salgai daude jada jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan, 3 euroko prezio orokorrarekin saio bakoitzeko, doako sarrerak izan ezik.