Greenpower Bridgestone txapelketaren laugarren edizioa

Martxoaren 10etik aurrera, 110 ikasle-talde Bilbon, Leioan, Barakaldon, Santurtzin eta Zornotzan lehiatuko dira eurek egindako auto elektriko eta ekologiko batekin.

Ibilgailu elektrikoen ‘Greenpower Bridgestone Hiri-zirkuitua’ programaren laugarren edizioa hastear da Bizkaian. Lehiaketa honetan, hezkuntza maila desberdinetako ikasleek auto elektrikoen eraikuntzan eta pilotajean parte hartuko dute lurraldeko hainbat herritan.

Bridgestonek eta Alfonso Libano Firestone Fundazioak antolatzen dute ekitaldia, Greenpower Iberiarekin batera, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, tokiko udalen eta Enekuri Motor eta Autonervión ibilgailuen kontzesionarioen babesa du.

Ekimenaren helburua da mugikortasun jasangarria eta STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) trebetasunak sustatzea, 9 eta 25 urte bitarteko gazteen artean, beren auto elektrikoen diseinua eta eraikuntza lortuz.

Aurten, 87 ikastetxetako 110 taldek parte hartuko dute txapelketan. Lehen Hezkuntzatik, Bigarren Hezkuntzatik eta Lanbide Heziketatik datozen ikasleak modalitate eta data desberdinetan lehiatuko dira denboraldian zehar:

  • Martxoak 10, Bilbo: Modalitatea (f24/f24+)
  • Apirilak 14, Leioa: Goblin modalitatea
  • Apirilak 25, Santurtzi: Workshop modalitatea
  • Maiatzak 19, Amorebieta: Goblin modalitatea
  • Ekainak 2, Barakaldo: Goblin modalitatea
  • Ekainaren 16an, Durangon: f24/f24+ modalitatea
Modalitateak

Goblin modalitatean, 9tik 11ra bitarteko haurrek beren ibilgailua eraikitzen dute antolatzaileek ematen dieten kit batetik abiatuta.

F24 kategoria 11 eta 16 urte bitarteko gazteentzat da, eta ekitaldietan 90 minutuko 2 lasterketa izaten dira. Kasu horretan, talde guztiek motor bera eta lasterketa bakoitzeko 12 volteko bi bateria dituzte. Motorraz eta bateriez gain, taldeak libre dira autoa bere irudimenarekin diseinatzeko, antolatzaileek eskainitako kitetik abiatuta.

F24+ modalitatea Batxilergoko, LHko ikastetxeetako edo unibertsitateetako 16 eta 25 urte bitarteko ikasleei zuzentzen zaie. Kategoria horretan motor estandar batekin eta bateria multzo batekin diseinatu eta eraikitzen da ibilgailua. F24an bezala, posible da oinarrizko kitarekin hastea.

Azkenik, 11 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaien Workshop modalitateak programan parte hartze aktiboa sustatzea du helburu. Modalitate horretan ingeniariek zuzendutako prestakuntza-jardunaldi bat eta proiektua osatzen duten ibilgailuen erakusketa bat dago.