Zabalik Haziak lehiaketan izena emateko epea

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 14an amaituko da. Hautatutako proiektuek 3.000 euro arte jaso ahal izango dituzte.

Zabalik dago Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatzen duen Haziak ideia gazteen lehiaketaren XII. edizioan izena emateko epea. Lehiaketa hau Gasteizen ikasi, lan egin edo bizi diren 14 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta hainbat arlotan proiektu berritzaileak garatzeko gune bat eskaintzen du, kulturatik elkartasuneraino.

Hautatutako proiektuek laguntza teknikoa eta finantzarioa jasoko dute beren proposamenak garatzeko. Udalak 21.000 euro bideratuko ditu aurten ekimen honetara eta proiektu bakoitzak, gehienez, 3.000 euroko finantziazioa izango du. Lehiaketa honen xede nagusia da gazteek hiria garatzen lagunduko duten ekimenetan parte hartzea eta gazteen artean aisialdi osasungarria sustatzea.

Proposamenak

Lehiaketarako deialdia edozein gai eta formatutako proposamenetara irekita dago, hala nola, tailer eta muraletara eta ikus-entzunezko laburretara. Honako arlo hauek landu daitezke, besteak beste: kultura, kirola, ingurumena, osasuna, berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez-formala, feminismoa, elkartasuna, kulturartekotasuna eta euskara.

Proiektuak hautatzeko prozesuak hainbat fase ditu, proposamenak hasieran aurkezten direnetik hasi eta udaleko teknikariek osatutako epaimahai batek irabazleak hautatzen dituen arte. Gainera, topaketa bat antolatuko da, parte-hartzaileek elkar ezagutu dezaten eta beren proiektuak berriz lantzen lagundu dezaten, azken ebaluazioa egin aurretik.

Haziak lehiaketaren aurreko hamaika edizioetan, 200 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik 100 baino gehiago errealitate bihurtu dira.

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 14an amaituko da, eta interesatuek lehiaketaren oinarriak deskargatu eta informazio gehiago eskuratu dezakete www.vitoria-gasteiz.org/haziak udal webgunean edo haziak@vitoria-gasteiz.org porta elektronikora idatziz.