Worldcoinek debekatuta dauka irisaren datuak biltzea

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak enpresa horrek Espainian duen jarduera hiru hilabetez geldiarazi du, jarduera horren legezkotasuna argitu arte.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) hartu duen kautela-neurriaren arabera, praktika horren legezkotasuna argitzen den bitartean, Worldcoinek ezin izango du Espainian, irisaren bereizmen handiko argazkietatik abiatuta, datu biometrikoak biltzen jarraitu.

AEPDk hainbat erreklamazio jaso ditu enpresa horren aurka. Erreklamazio horietan, besteak beste, honako alderdi hauek salatzen dira: nahikoa informazio ez izatea, adingabeen datuak jasotzea edo baimena kentzea debekatuta egotea. Lehen aldia da AEPDk mota horretako kautela-neurri bat hartzen duena.

Hiru hilabetez

Neurriak jarduera hori hiru hilabetez geldiarazten du, eta Worldcoin eta Tools for Humanity Corporation kolaboratzaileak (egoitza Alemanian dute) Espainiako erabiltzaileen iris-datuak jasotzeari eta tratatzeari utzi beharko diote berehala.

Worldcoin, datu biometrikoen truke kriptomonetak eskainiz ospea irabazi duen enpresa, Espainian lanean aritu da iazko udaz geroztik, 400.000 erabiltzaileren baino gehiagoren irisaren erresoluzio handiko argazkiak bilduz.

Datu biometrikoak bereziki sentikorrak dira, gizabanako bakoitzarentzat aldaezinak eta bakarrak direlako. Beste datu pertsonal batzuk ez bezala, hala nola pasahitzak edo helbideak, irisaren patroia nekez aldatzen da denborarekin, eta horrek identifikazio-metodo oso fidagarria bihurtzen du, baina bereziki delikatua pribatutasunari dagokionez.

AEPDk Worldcoin eta Tools for Humanity enpresei jakinarazi die Espainian bildutako iris-datuak blokeatu egin behar direla eta ezin direla hirugarrenekin partekatu. Gainera, enpresak urteko fakturazioaren % 4 arteko isunak jaso ditzake, edo 20 milioi eurokoak kautela-neurria betetzen ez badu.