Ez bota zure bizitza komun-ontzitik behera

Elikadura-portaeren nahasmenduak bereziki emakume gazteek pairatzen dituzten gaitzak dira. Emakumezko nerabe eta gazteen %4k elikabideko arazoren bat nozitzen duela kalkulatu da.

Sare sozialetan arrakasta handia lortzen ari den erronka biral berria ‘A4 Waist Challenge’ (A4 Gerriaren Erronka) izenekoa dugu. Emakumezkoen gorputz eredu ‘perfektua’ azken mugaraino eraman nahian edo, erronka horretan parte-hartzen duten emakumeek bere gerria A4 tamainako orrialde baten zabalera (21 zentimetro) baino estuagoa dela egiaztatu behar dute argazki baten bidez. Erronka horrek Txinan du jatorria baina, Txinan ez ezik, gure ingurunean ere asko izan dira horrelako jarrerek gazteen osasunean izan dezaketen ondorioak salatu dituztenak.

Izan ere, gure artean aski ezagunak dira gorputz eredu ideal bat lortzeko nahian gazte eta nerabeen artean sor daitezkeen nahasmenduak. Ezagunenak, seguruenik, anorexia eta bulimia ditugu, baina izan badira elikadura-portaeren nahasmenduen adibide gehiago: tripakada-nahasmendua (bete arte jatea), pika (elikagarri ez diren gauzak jatea), bigorexia (giharrak garatzeko obsesioa), hausnar egitearen nahasmendua (janaria behin eta berriro berrahoratu), ortorexia (bakarrik janari osasuntsua jateko obsesioa)…

Mi Psicólogo Getxo’-ko kide eta gai horietan aditua den Lohizune Loroñok azaltzen duenez, Elikadura-portaeren nahasmenduak “elikagaien ahorakinaren aurrean portaera patologiko bat izaten duten buru-nahasmenduak dira. Funtsean, pisuaren kontrola eta irudiarekiko obsesioa nagusitzen da patologia horietan”.

Esan bezala, elikadura-portaera nahasmenduen artean ezagunenak anorexia eta bulimia dira. Horiek bereziki, 12 eta 17 urte bitarteko neskekin erlazionatu izan ohi diren nahasmenduak dira (gero eta gehiago omen dira hamar urtetik beherako nesken artean ematen diren kasuak). Kontuan izan behar dugu adin tarte horretan, aldaketa fisiko zein emozional garrantzitsuak ematen direla, presio akademikoa handiagoa izaten dela eta gurasoek egiten duten presioa ere nabarmenagoa izaten dela. Mutilen artean ere horrelako nahasmenduak ematen dira baino askoz ere proportzio txikiagoan (kasu guztien %10 inguru). Horri guztiari lotuta, gure gizartean nagusitu den emakume/gizon eredu perfektuaren kanona azaltzen zaigu. Edertasun-ereduak geroz eta soin lirainagoa ezartzen du eta, hori, sarritan, helezina da. Gazte eta nerabeek bere idoloak bezalakoak izan nahi dute eta hori lortzen ez denean (oso argalak nesken kasuan edota oso indartsuak mutilen kasuan) norberak bere buruaren gainean duen iritzia hankaz gora jartzen da. Hori bai, argaltzeko dietaren bat fakultatiboen kontrolik gabe egitearen ondorioz agertzen dira ia kasu gehienak. Loroñok azaltzen duen moduan, “elikadurari lotuta azaltzen diren nahasmendu horiek nahasmendu bio-psiko-sozialak dira. Hau da, lehenik eta behin, bada aldez aurreko eragin biologiko edo genetiko bat. Bigarrenik, autoestimu baxua edota oldarkortasuna bezalako faktore psikologikoek ere eragiten dute. Eta, azkenik, gizartean diren edo inposatzen diren edertasun ereduen eragina ere nabaria da”.

Elikadura-portaeren nahasmenduak oso gaitz arriskutsuak dira. Sarritan, estresa, antsietate, depresio edo droga kontsumoarekin batera azal daitezke. Gainera, osasun arazo larriak ere sor ditzakete. Adibidez, pertsona bat bere altuerari dagokion batez besteko pisuaren %15etik behera dagoenean arazoak izan ditzake bere organoak osasuntsu mantentzeko. Kasu larrienetan, desnutrizio larriak eta heriotza ere eman daiteke.

Zorionez, nahasmendu horiek tratamendurako aukera ematen dute. Laguntza profesional egokiarekin horrelako nahasmenduren bat izan duten gazteek normaltasunez jaten ikas dezakete. Lohizune Loroñok azpimarratzen duenez, “funtsezkoa da tratamendua ahalik eta lasterren hastea. Horrelako nahasmendu baten aurrean gauden ala ez jakiteko gazte horren ohituretan aldaketa sakonak eman diren ala ez ikusi beharko dugu. Nahasmendua den kasuetan tratamendua diziplina desberdinetatik egin behar izaten da: psikologia, psikiatria, nutrizionismoa, ginekologia… Kontuan izan behar da nahasmendu horietan jokabide ereduak oso sakonak direla eta horiek norberak bere kabuz aldatzea oso zaila dela”.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.