Bizkaiko Foru Aldundiak berriki aurkeztu duen “15/29 Panoramika. Bizkaiko gazteak Euskadiko eta Estatuko ikuspegian (1981-2011)” azterlanaren arabera, herrialde horretan bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua %44an jaitsi da azken 30 urteetan. Horrela, Bizkaian erroldatuta dauden 1 156 190 lagunetatik aipatu adin tarte horretakoak ez dira 200 000 iristen (%17). Ikerketak, Bizkaiko gazteriaren erradiografia egiten du. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Elías Trabada soziologoak gidatu duen azterlan honek, besteak beste, biztanleriaren bilakaera, adin talde eta sexuaren araberako bilakaera, ezkontza-tasa, ezkontza-desegiteak, heriotza eta bizitza-itxaropena, hezkuntza, enplegua edota emantzipazioa bezalako esparruak aztertu ditu. Azterlanaren aurkezpen ekitaldian Aldundiko Behategiko zuzendari orokor Maitane Leizaolak azaldu zuenez, “Bizkaiko gazteek inoiz baino trebakuntza handiagoa dute baina arazoak handiak dituzte lan merkatuan barneratzeko. Horrek eragin zuzena du emantzipazioan eta, ondorioz, 30 urtetik beherako gazteen %23 bakarrik bizi da bere gurasoen etxetik kanpo”.