Ezagutu jantzita duzun arropa fabrikatu duten haurrak

Duela hiru urte, 2013. urtekoko apirilean, Bangladesh-eko hiriburuan zen Rana Plaza lantegiaren katastrofeak arroparen ekoizpena zein baldintzetan egiten den azalarazi zuen. Segundo bakar batean zortzi solairu zituen eraikina eraitsi eta bertan ziren 5.000 langiletik gora harrapatuta geratu ziren hondakinen azpian. Guztira, 1.127 langile hil ziren; gehienak, emakumeak. Ondoren jakin ahal izan zenez, bertan lan egiten zuten langileen artean haur eta adingabe asko zeuden. Fabrika horretan, gure artean oso ezagunak diren marketako arropa fabrikatzen zen, hala nola, Benetton, Primark edota Mango.

Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak salatu duenez, gaur egun, munduan 5 eta 17 urte bitarteko 220 milioi haur eta gazte daude esklabotza baldintzetan lan egiten. Beste zenbait GKEk kopuru hori askoz handiagoa dela diote. Arropa, janaria, mineralak… herrialde aberatsenetan kontsumitzen dugun ia gauza guztien atzean adingabe baten izerdia aurki daiteke.

Ehungintza

Ehungintzaren kasuan, enpresek ahalik eta prezio baxuenetan ekoizteko lasterketa hasi dute. Horrela, ahalik eta esku-lan merkeena bilatzen saiatzen dira eta hori, sarritan, adingabe eta haurrak erabiliz lortzen da. Egipto, Pakistan, Uzbekistan, Txina, India, Bangladesh edo Tailandia bezalako herrialdeetan hori lortzea erraza omen da.

Haurren lana industria horren katearen katebegi guztietan aurki daiteke: Uzbekistango kotoi-sailetan, kotoi-irutea Indian edo ekoizpena Bangladeshen. Kotoiaren kasuan, adibidez, haurrak polena plantazio batetik bestera eramateko erabili ohi dira. Hainbat orduz lan egin behar izaten dute, sarritan, pestiziden eraginaren arriskupean eta, noski, merezi dutena baino askoz gutxiago kobratuz. Kotoia diru sarrera nagusia duten herrialdeetan (Uzbekistan, Benin…) haurrak kotoia landatzeko eta ondoren uzta biltzeko erabiltzen dira. Kotoi-laborea oso hauskorra denez, enplegatzaileek nahiago izaten dituzte haurrak kontratatzea bere hatz txikiekin zailago dutelako kotoia hondatzea.

Industria horren hurrengo katebegian, hots, kotoi-irute fasean, haurren lana inolako kontrolik gabe burutzen da. SOMO erakundeak Indian egindako azterlan baten arabera, sektore horretan lan egiten duten langileen % 60 inguru adingabea zen lanean hasi zenean. Normalean 15 urterekin hasten dira horrelako lanak egiten.

Haurren lana manufaktura fasean ere aurki daiteke. Kasu horretan, adingabeek eginkizun neketsu eta zailak burutzen ohi dituzte: tindaketa, botoiak josi, hariak moztu eta ebaki, amaitutako arropak paketatu… Normalean, lan horiek guztiak oso baldintza kaxkarretan egin behar izaten dituzte soldata ziztrin baten truke.

Lan-baldintzak

Rana Plazako ezbeharraren ondorioz, munduko moda enpresa nagusiek industria horretan lan egiten duten langileen lan-baldintzak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten. Antza denez, egoerak ez du nabarmenki hobera egin. Haurren erabilera dela eta, industria horren egitura oso konplexua denez, zaila egiten da bere esplotazioa ekiditea. Sarritan, lanak azpikontratatutako enpresen bidez egiten dira eta horien baldintzak kontrolatzea nekeza egiten da baita asmorik onena duten enpresentzat. Normalean, enpresa handiek arauak errespetatzen dituzten hornitzaile nagusi bat kontratatzen dute baina, ondoren, hornitzaile horrek beste enpresa bat azpikontratatzen du eta horrek beste bat… eta zenbat eta beherago joan, orduan eta baldintza okerragoak.

Haurren kasuan, gainera, sakoneko arazo bat aurki daiteke. Izan ere, oso herrialde edo ingurune pobreetako haurrak izaten dira. Bestelako irtenbiderik gabe, nahiago izaten dute baldintza txarretan eta soldata txiki baten truke lan egitea ezer egin gabe geratzea baino. Azken finean, familia oso baten etorkizuna bere eskuetan izaten dute adingabe askok. Oso trebakuntza eskasa duten gurasoen familietan, irtenbide bakarra horrelako lanbideetan aurkitzen dute eta, lan egiten dutenez ezin dute eskolara joan. Horrek zikloa berrelikatzen du, egun lanean diren haur horien seme-alaben irtenbide bakarra baldintza txar horietan lan egitea izango baita.

Haurren eskubideak babestu nahi dituen etiketa

Zelanda Berriko Child Labour Free izeneko fundazioak haurren lanik gabe fabrikatu den arropa bereizteko etiketa sortu du. Bere arropan etiketa hau azaltzea nahi duten ekoizleek, fabrikazio prozesu osoaren inguruko argibideak eman beharko dituzte, bai osagai zein iturriena eta, horietan guztietan, noski, ezin izango da haurren lana erabili. Ekimen honek UNICEF eta Saatchi & Saatchi publizitate agentziaren laguntza du.

Fundazioak, Ernst & Young aholkularitza enpresarekin batera, enpresa ekoizleek emandako informazioa aztertu eta, beharrezkoa ikusten duen kasuetan, ikuskapenak ere burutuko ditu.

Ekimenak harrera ona izan duen arren badira bere eraginaren inguruan zalantzak azaldu dituztenak. Adibidez, ‘Labour behind the label’ kanpainaren zuzendari Ilona Kelly-k azaldu duenez, “haur horiek lanera bidaltzen dituzte bere familiak bizirik irauteko duten aukera bakarra delako. Gure ikuspuntutik haur-esplotazioaren arazoa konpontzeko herrialde horietan den pobreziaren iturrietara jo beharko litzateke”.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.