Empleo Gunek lana aurkitzeko aukerak aurkeztuko ditu

Gasteizko enplegu foroa datorren maiatzaren 5ean ospatuko da Europa Kongresu Jauregian

Gasteizko Europa Kongresu Jauregiak EHUko Arabako Campusak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatzen duten Empleo Gune enplegu foroa hartuko du datorren maiatzaren 5ean. Aurtengoa aipatu foroaren X. edizioa izango da eta ohi bezala, bertaratzen diren ikasleek eta lan bila diren pertsonek lan-eskaintza publikoak, enpresek gehien eskatzen dituzten profilak eta laneratzea errazten duten berariazko baliabideak ezagutzeko aukera izango dute.

Empleo Guneren xedea da enplegua sortzen duten erakunde publikoen,  laneratze eta gizarteratzean lan egiten duten profesionalen, enpresetako giza baliabideetako arduradunen eta lan bila ari diren pertsonen arteko topagunea izatea. Azken horien artean, nagusiki, formakuntza zikloetako edo unibertsitateko azken urtean diren ikasleak aurkitzen dira.

Empleo Gune 2022

Aurtengo edizioaren ardatz nagusiak honako hauek izango dira: Sektore ekonomikoetako enplegu aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea; Gasteizen hedatzeko bidean dauden enpresek eskatutako lan eskaintzak eta profilak zabaltzea; eta, enplegu bila aktiboki ari diren pertsonen informazioa zabaltzera eta gaitasunak hobetzera bideratutako jarduerak eskaintzea.

Europa Jauregian, ohiko informazio puntuez gain, enplegua bilatzeko laguntza puntu bat ere izango da. Gainera, informazio-saio ezberdinak antolatu dira erakunde publikoetan lan egiteko aukeren inguruan, curriculuma modu egokian osatzeko edo lana Internet bidez modu eraginkorrean bilatzeko.