UPV/EHUk graduatu berriak lan merkatuan sartzen laguntzeko egitasmoa aurkeztu du

UPV/EHUk unibertsitate- ikasketak amaitu berri dituzten 90 gazteri lan-merkatuan sartzeko laguntza aktiboa emateko egitasmoa aurkeztu du. 3R Gaztea izena duen programa berriaren xedea da azken hiru ikasturteetan Euskal Herriko Unibertsitatean titulua lortu duten 30 urte bitarteko gazteei unibertsitate-esparrutik lan-merkaturako trantsizioa erraztea. Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen eta finantzatzen du eta Bizkaian erroldatuta eta langabezian diren gazteei zuzentzen zaie.

Hiru fase

Programaren aurkezpen ekitaldian azaldu den bezala, programa hiru fasetan banatuko da. Lehen fasea orientazioan oinarrituko da. Bertan, gazteen banakako egoeraren diagnosia egingo da eta, ondoren, laneratze prozesurako aholkuak emango zaizkie.

Bigarren fasea lan-aktibaziora bideratuko da. Bertan, enplegua aktiboki bilatzeko teknikak jorratuko dira: sare sozialen erabilera, enplegu atariak, bideocurriculuma… Bigarren fase horretan, hautaketa prozesuen azterketarekin batera, lan-merkatuaren egoerari eta enplegu politika aktiboei buruzko informazioa ere eskainiko da.

Hirugarren eta azken fasea, lan-bitartekaritzan oinarrituko da; hots, enplegu bila diren horiei laguntza zuzena eskainiko zaie, adibidez, enpresekin topaketak eginez eta eskaintzak erakartzeko planak garatuz. Fase horretan enplegu eskaintza potentzialak eta lanpostuak eskuragarri dituzten jarduera ekonomikoko sektoreak ere identifikatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.