Leioako Umore Azokak 90 antzezpen eskainiko ditu

Leioan izango diren 40 konpainietatik 19 Euskal Herrikoak izango dira

Pandemiak eragin duen ziurgabetasuna alde batera utzita, bueltan da Leioako Umore Azoka bere ohiko egutegira. Horrela, aurten ospatuko den XXII. edizioa maiatzaren 19tik 22ra bitartean izango da. Antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, guztira 40 konpainia izango dira eta programazioa 90 antzezpenekin osatu da. Oso programazio anitza izango da, diziplina askorekin: dantza, antzerkia, zirkua, pailazoak, musika…

Leioan izango diren 40 konpainia horietatik 19 Euskal herrikoak izango dira: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza; Cía Eva Guerrero, Zanguango Teatro, Markeliñe Teatro, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Cía Barsanti, Maitane Sarrale, La Trapecionista Kia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.

16 konpainia Estatukoak izango dira eta azkeneko bostak nazioartekoak: Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japonia. Umore Azoka kalea sormen gune gisa aukeratzen duten konpainientzako erreferente bat da eta, horrela, gero eta gehiago dira bere lan berriak estreinatzeko Umore Azoka aukeratzen dutenak. Aurten, antolatzaileek Leioan izateko 550 eskaera jaso dituzte (% 85 Euskal herritik kanpokoak).