Zabalik GFAren egutegiaren argazki lehiaketan izena emateko epea

Lanak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira. Argazki irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du eta 250 euroko beste 12 sari ere banatuko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko egutegiaren argazki lehiaketarako izen-emate epea zabaldu du. Aurtengo deialdia bederatzigarrena da eta “Gipuzkoa kirolzalea” gaia izango du ardatz. Horren bidez GFAk, modu batera edo bestera, Gipuzkoako kirol-espirituan parte hartzen duten pertsona, klub, federazio eta taldeen lana aintzatetsi nahi du. Lehiaketak Gipuzkoako Argazki Elkartearen laguntza izango du.

Guztira 4.000 euro banatuko dira saritan. Argazki irabazlearen egileak 1.000 euroko saria jasoko du eta bere argazkia egutegiaren lehen orrialdean inprimatuko da. Gainera, beste hamabi sari banatuko dira, bakoitza 250 eurokoa, egutegia osatzen duten hilabete bakoitzari dagozkion orrialdeak irudiztatzeko.

Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, proposatutako gaiarekin harremana duten hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, jatorrizkoak eta aurretik argitaratu gabeak. Irudiak .jpg formatuan bidali beharko dira, 20×33 zentimetroko tamainan eta 300ppi-ko bereizmenarekin. Argazkiak koloretan edo txuri beltzekoak izan daitezke. Argazkiak editatuak izan daitezke, baina ez dira onartuko Adimen Artifizialarekin egindako argazkiak. Edizioan ezin izango dira jatorrizko elementuak ezabatu edo elementu berriak gehitu.

Argazkiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunearen bidez eta aldundiaren Facebook profilaren bidez bidali ahal izango dira. Gainera, Instagramen eta Twitterren ere argazkiak igo ahal izango dira #gipuzkoakirolzale traola erabiliz. Lanak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira.