Bilboko Udalak euskaltegiei laguntzeko kanpaina abiatu du aurten ere. “Euskarari baietz” lelopean, Udalak herritarrak animatu nahi ditu hiriko 17 euskaltegietako batean matrikulatzera.
Kanpaina irailean zehar egingo da eta markesinetan, Bilbobuseko autobusetan, Bilboko Udalaren sare sozialetan eta komunikabideetan egongo da ikusgai. Gainera, euskara ikasi eta erabiltzen duten pertsonen aniztasuna islatzen duten kartelak jarriko dira.
Kanpainaren helburua da eskuragarri dauden zentroen eskaintza zabala nabarmentzea (17 aukera Bilbon), baita eskaintzen duten ordutegien eta mailen malgutasuna ere. Horrez gain, hirian euskara ikasten ari diren zenbait kolektiborentzat, hala nola gurasoak, aisialdiko begiraleak eta errenta baxuak dituzten pertsonak, eskuragarri dauden dirulaguntzak ere nabarmentzen dira.
Udalak 700.000 euro bideratuko ditu aurten euskararen ikaskuntza sustatzea xede duten dirulaguntzetara, 2022an baino % 218 gehiago.
Bilbok 17 euskaltegiko sarea du, eta askotariko aukerak eskaintzen ditu: klase erregularrak, maila desberdinetarako ikastaroak, barnetegietako egonaldiak eta talde eta enpresentzako programa espezifikoak. 2022/2023 ikasturtean, Bilbon erroldatutako ia 4.600 pertsona matrikulatu ziren hiriko euskaltegietan.