Zabalik AEK-ko euskaltegietan matrikulatzeko epea

Eusko Jaurlaritzak 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei C1 doan prestatzeko aukera emango die ikasturte honetan

AEK-ko euskaltegiek matrikula ireki dute hastear den ikasturtean “euskararekin urrunago iristeko”. Ikasturte berria berrikuntza garrantzitsu batekin dator. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen ildo berria, 16 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat zuzenduta, aukera emango die gazteei, 2023/2024tik aurrera, C1 maila doan prestatzeko.Gainera, Nafarroako Gobernuak ere laguntzak handitu ditu, eta Iparraldean ere bada diru zuzkidura bat euskara ikasi nahi duten horiei laguntzeko..

“Euskara hurbil, zu urrun heltzeko” da aurten AEK-k bere matrikulazio kanpainarako aukeratu duen leloa. Horrekin, AEK-k bere eskaintza zabala eta anitza erakutsi nahi izan du, bai euskara ikasteko bai euskara-maila hobetzeko.

Azken ikasturtean 12.000 lagun inguru matrikulatu ziren AEK-k Euskal Herrian dituen 100 euskaltegietako batean. AEK euskara ikastaroak antolatzen dituzten enpresa eta elkarteetara ere iristen da. Online ikastaroen bidez, edozein ikaslek egin ditzake ikastaroak, dagoen tokian dagoela.

Euskadin B2ra arteko prozesua doakoa da, euskaltegian zein deialdi ofizialetan maila egiaztatzen bada. Iaztik, aukerak handitu egin dira eta C1 mailara iritsiko da, kasu horretan 30 urtetik beherakoentzat. Ildo beretik, beste dirulaguntza bat ireki da 16 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako C1 maila doan prestatu ahal izateko.

Bestalde, Nafarroan zertxobait handitu dira laguntzak, eta Iparraldean ere badago diru zuzkidura bat euskara ikasteko.

Gainera, ikastaroak antolatzen dituzten enpresek hobariak jaso ditzakete FUNDAEren bidez.