Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: irekia.euskadi.eus
Hitz kopurua:366
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioa martxan jarri da Donostiako Lauaizeta ikastetxean egindako tailer batekin. Ohi bezala, bideo lehiaketa honen xedea da, Beldu Barik jarreraren bidez, gazteen artean indarkeria matxista saihestea eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzea. Beldur Barik lehiaketa Emakundek antolatzen du Arabako Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta EUDELekin batera.
Hamaseigarren edizioa
Esan bezala, Lauaizetan egindako tailer baten bidez eman zaio hasiera aurtengo lehiaketari. Bertan, Parean Elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek indarkeria matxistaren adierazle diren egoerei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko hitzaldia eskaini dute. Ondoren, Anepe Acedo eduki sortzaileak sare sozialetan argitaratzeko Point Of View (POV) formatuko bideo laburrak sortzeko ikastaro praktikoa eman die.
Izan ere, horixe da aurtengo lehiaketaren berrikuntzetako bat, sare sozialetan hain zabaldua dagoen POV erako bideo laburrak ere aurkeztu ditzaketela gazteek, hain zuzen ere. Helburua da lehiaketa egokitzea, gazteek sareetara igo ohi dituzten bideo formatuak ere kontuan hartuz. Formatu horren bidez, indarkeria matxistaren inguruko egoera baten aurrean gazteek euren ikuspuntua edo erantzuna adieraz dezaten bilatzen da.
Ekitaldi horretan bertan izan den Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak azaldu duenez, “programaren helburua da gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea, nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz, denen parte hartzearekin gizarte berdinzaleago baten alde eginez”.
Oinarriak
Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago:
- 2013-2009 artean jaiotako 12-16 urte bitarteko nerabeentzako kategoria
- 2008-2005 artean jaiotako 17-20 urte bitarteko gazteentzako kategoria
Ohi bezala, aurkezten diren lanek Beldur Barik Jarrera adierazi behar dute. Horretarako, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa bezalako jarrerak sustatu beharko dituzte.
Lehiaketaren oinarriak programako webgunean kontsulta daitezke. Bertan, bideoak sortzeko lagungarri izan daitezkeen hainbat baliabide ere aurkituko dituzte parte-hartzaileek. Lehiaketan izena emateko epea jada zabalik da eta datorren azaroaren 9ra arte luzatuko da. Izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da.
Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro + liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 €) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 €) ere.
Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.









