Donostiako GAZ zerbitzuak doako aholkularitza juridikoa eskaintzen die gazteei Kontadoresen

Donostiako gazteen emantzipaziorako zerbitzuak astero aholkularitza juridikoa eskainiko du irailetik aurrera, Kontadores Gazte Zentroan

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Donostiako Udala
Hitz kopurua:  212
Irakurketa denbora:  Minutu bat

GAZ (Gazte Ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) zerbitzuak berriro ireki ditu ateak Donostiako Kontadores Gazte Zentroan, eta, irailaz geroztik, doako aholkularitza juridikoa eskaintzen die 16 eta 34 urte bitarteko gazteei.

Hirian bizi, ikasi, lan egin edo beren bizi-proiektua garatu nahi dutenei zuzenduta, GAZ zerbitzuak prestakuntzari, enpleguari, etxebizitzari eta laguntza ekonomikoei buruzko informazio eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen du, emantzipazio-ibilbide propioa eraikitzeko.

Abokatu bat, asteazkenero

Aholkularitza juridiko berria astean behin eskaintzen da, asteazkenetan 17:30etik 20:30era, abokatu espezialista baten eskutik. Arreta aldez aurretik hitzordua eskatuta jasotzen da, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz. Zerbitzuak emantzipazio-prozesuaren funtsezko arloak hartzen ditu barne: enplegua, etxebizitza eta dirulaguntzak, baita erreklamazioak, fidantzak, bermeak, aseguruak, lan-eskubideak eta Gizarte Segurantza ere.

Kontratuei eta alokairuei buruzko hitzaldiak

Banakako kontsultekin batera, GAZek hitzaldi irekiak antolatzen ditu lan-harremanei, hipoteka-kontratuei eta bestelako gai orokorrei buruz. Hitzaldi horietan sortzen diren zalantza zehatzak, ondoren, aholkularitza pertsonalizatura bideratu ahal izango dira.

Arreta juridikoa aldez aurretik hitzordua eskatuta eskaintzen da, aurrez aurre, telefonoz edo posta elektronikoz

GAZ zerbitzuaren gainerako atalak ohiko ordutegiari eusten dio: astearte eta ostegunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era; baita asteazken eta ostiraletan, 17:30etik 20:30era. Arreta doakoa eta Donostiako gazte guztiei irekia da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, www.donostia.eus/gazteria webgunea kontsulta daiteke, gazdonostia@donostia.eus helbidera idatzi, 943 483 372 telefono-zenbakira deitu edo WhatsApp bidez jarri harremanetan 747 416 835 zenbakian.