Nafarroan sexu-indarkeriagatik egindako salaketen % 70 emakume gazteenak dira

Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak agerian utzi du erasotzaile gehienak biktimaren gertuko pertsonak direla

 Irakurketa denbora: 3 minutu

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI/NABI) sustatutako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketaren arabera, Nafarroako sexu-erasotzaile gehienak biktimaren ingurunekoak dira. Senitartekoak, bikotekideak, lagunak eta lankideak dira txostenean identifikatutako erasotzaile nagusien artean.

2024an, emakumeek 369 salaketa jarri zituzten sexu-indarkeriagatik Nafarroan eta horietatik, % 70 inguru 30 urtetik beherako emakume gazteek jarritakoak izan ziren. Azterlanak analisi kuantitatiboak (polizia-kidegoen, gizarte-zerbitzuen eta osasun-zerbitzuen datu ofizialetan oinarrituta) eta ikuspegi kualitatiboa (14-29 urte bitarteko emakumeei eta polizia-, osasun- eta biktima-arretako profesionalei egindako talde-elkarrizketetan oinarrituta) uztartzen ditu.

Sexu-indarkeria

Indarkeria fisiko eta psikikoarekin alderatuta, sexu-indarkeria kasuak ez dira ohikoak, baina erasoen kopuruak goranzko joera izan du azken urteetan. Gorakada hori ez zaio soilik kasuen kopurua handitzeari egozten, baizik eta kontzientziazio handiagoari, fenomenoaren ezagutza hobeari eta biktimek salatzeko edo zerbitzu espezializatuetara jotzeko joera handiagoari.



Azterketak azpimarratzen du gizonek inplikatu behar dutela sexu-indarkeriaren aurkako borrokan, horren izaera estrukturala eraldatzeko. Halaber, biktimen esperientzien larritasuna deslegitimatu edo gutxiesten duten diskurtsoen aurka ere ohartarazten du. Ildo horretan, emakumeen autobabesean oinarritutako neurriek dakartzaten birbiktimizazioa aipatzen da, haien eskubideak mugatuz eta erasotzaileen nagusitasun-posizioa indartuz.

Azterlanak nabarmentzen du sexu-indarkeria “oso naturalizatuta eta isilarazita” dagoela bere forma guztietan, baimenik gabeko espazio pertsonalaren inbasiotik (ukituak, igurtziak, bidea moztea, etab.) mehatxatu edo bortxatzera, indarkeriarekin edo gabe.

Erasotzailea ezaguna izan ohi da

Datuek adierazten dute erasotzaileak biktimen gertuko pertsonak izan ohi direla eta, gehienetan, haiek baino zaharragoak. 2018-2022 bitartean identifikatutako erasotzaileen % 38,9k 30-49 urte bitartean zituen. Sexu-indarkeria espazio desberdinetan gertatzen da, bereziki familia-eremuan eta aisialdi-guneetan.

Sexu-indarkeriak gehien eragiten dien emakumeak 17 urtetik beherakoak eta 18-29 urte bitarteko gazteak dira. 2023an, 142 kasu erregistratu ziren 17 urtetik beherakoetan, 115 kasu 18-29 urte bitarteko emakumeetan, eta kopuru txikiagoak adin-talde handiagoetan. Banaketa geografikoari dagokionez, Iruñea eta bere eskualdeak, eta ondoren Tutera eta Erriberagoiena, kasu gehien biltzen dituzten eremuak dira, eskualde horien biztanleria-dentsitatearekin bat etorriz.

Txostenak nabarmentzen du gora egin duela laguntza-zerbitzuetan artatutako emakumeen kopuruak. Polizia-kidegoek eta Auzitegi Medikuntzako eta Zientzia Forentsen Institutuak erregistratu dute kasu kopuru handiena, salaketak jasotzeaz eta adituen probak egiteaz arduratzen baitira. Beste zerbitzu batzuek, hala nola genero-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeek (EAIV) edo Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoak (OAVD), arreta intentsiboagoa eskaintzen dute, nahiz eta kasu gutxiago artatu.

Estrategia berriak

Azterketak emakumeen aurkako indarkeria-estrategia berrien agerpena azpimarratzen du, mugimendu feministaren aurrerapenen aurreko erreakzio-testuinguru batean. Horren aurrean, prebentzio-neurri hauek proposatzen ditu:

  • gizonen inplikazioa
  • emakumeen babesa birformulatzea haien askatasuna mugatu gabe
  • profesionalen prestakuntza eta protokolo espezifikoak sortzea hezkuntza, osasun, polizia eta justizia arloetan

INAI/NABIk koordinatzen ditu emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eta arretaren arloko jarduketa publikoak. 2025ean, Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako II. Ekintza Plana prestatuko du, foru eta toki esparruetarako neurri zehatzekin. Gainera, emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzeko protokoloa eguneratuko da eta laguntza ekonomikoak ezarriko dira indarkeria matxistak eraildako emakumeen seme-alabentzat.



Era berean, genero-indarkeriaren biktimak egiaztatzeko leihatila bakarra sortuko da. Dauden baliabideen artean, Sexu-indarkerien Arreta Integraleko Zentroa (SIAIZ) nabarmentzen da, 2024ko apiriletik 24 orduko arreta espezializatua eskaintzen duena. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euro inguru bideratuko ditu 2025ean zerbitzu hauetara, salerosketa eta prostituzioaren biktimentzako harrera eta arreta baliabideak barne.

Advertisements