
Irakurketa denbora: 2 minutu
Bilboko Arte Ederren Museoak “Ukitzeko Artea” ikusmen-irisgarritasun programa zabaldu du Victor Vasarelyren lan enblematiko bat gehituta, eta lehen aldiz pieza ez-figuratibo bat sartu du ukipen-panelen bilduman. Ikusmen-irisgarritasun ekimen hau 2012an jarri zen martxan Iberdrolarekin elkarlanean eta urte hauetan guztietan 13.367 pertsonaren eta Euskadiko 66 ikastetxeren bista hartu ditu.
Panel berriak Victor Vasarelyren “Pal-Ket” (1973-1974) lana erreproduzitzen du, garapen teknologikoaren arduraduna den Estudios Durero enpresa bizkaitarrak egindako lanari esker. Egokitzapen prozesuak tratamendu berezia eskatu du artistaren hiru dimentsioko efektua eta efektu optikoak ukimenera itzultzeko, forma geometrikoen tamaina, sakonera eta testura zehatz-mehatz landuz.
Puntako teknologia
Erabilitako teknologia bereizmen handiko argazkietan oinarritzen da eta itsuen eskuak gidatzeko konposizio-elementu egokienak hautatzen dira. Prozedura kimiko eta tinta berezi baten bidez, gainazal lauei bolumena ematea lortzen da, lanaren jatorrizko koloreak mantenduz ukimen-esploraziorako formatu egoki batean.
Programa Pradoko Museoa, Thyssen edo Moskuko Pushkin bezalako erakundeentzat erreferente bihurtu da. Gaur egun hamar panel ditu, Bilduma arte erromanikotik hasi eta ate garaikideraino doazen 10 lanekin osatzen da. Horien artean, adibidez, El Grecoren ‘Deikundea’ (1596-1600), Nemesio Mogrobejoren ‘Eva’ (1908-1909) eta Francis Baconen ‘Irudia etzanda ispiluan’ (1971) nabarmentzen dira
Esperientzia osatzeko hiru hizkuntzatako audiogidak (euskara, gaztelania eta ingelesa), braille testuak eta sentsibilizazio-karatulak eskaintzen dira. IBT- Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegiak ekimenean parte hartzen du, museoaren hezkuntza sailari aholkularitza emanez.
Ekainaren 20ra arte, programak ibilbide berri bat egingo du eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe bisitatuko ditu.
Ukitzeko artea
Hauek dira ‘Ukitzeko artea’ osatzen duten hamar ukipen-panelak:
- Erromaniko katalana. Noeren kutxa (XIII. mendearen azken herena)
- El Greco. Deikundea (1596-1600)
- José de Ribera. Emakume santuak San Sebastian sendatzen (c. 1620-1623)
- Orazio Gentileschi. Lot eta bere alabak (c. 1628)
- Mary Cassatt. Emakumea eserita haurra besoetan duela (c. 1890)
- Adolfo Guiard. Krabelin gorridun baserritar gaztea(1903)
- Nemesio Mogrobejo. Eva (1908-1909)
- María Blanchard. Femme assise (Emakumea eserita) (c. 1928)
- Francis Bacon. Lying Figure in Mirror (Irudia etzanda ispiluan) (1971)
- Victor Vasarely. Pal-Ket (1973-1974)