
Irakurketa denbora: Minutu 1
Martxoaren 2ra bitartean, Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Adrian Irisarri artista nafarraren ‘DeerHound Dorrea III, usategia’ erakusketa hartuko du. Erakusketa honek Montehermoso + EHU/UPV deialdian hautatutako lau proiektuen zikloa inauguratuko du. 2012. urteaz geroztik, aipatu programa horrek aukera ematen die bigarren zikloko, graduondoko eta doktoretzako ikasleei beren lanak tutoretza eta komisariotzapean garatzeko.
DeerHound Dorrea III
Montehermoson ikusgai izango den ‘DeerHound Dorrea III, usategia’ proiektu zabalago baten hirugarren zatia da. Proiektu hori 2023an hasi zen ‘DeerHound Dorrea I, antesala’ lanarekin eta 2024an jarraipena izan zuen ‘DeerHound Dorrea II, egongela’ lanarekin. Oraingo honetan, artistak fikziozko dorre baten espazio berriak gauzatzen ditu, elementu etnografiko, historiko eta erritualezkoak uztartuz, Erdi Aroko eta erromanikoko erreferentziekin, eta lurraldearekin lotura afektiboa ezarriz.
2023an EHU/UPVn Arte Ederretan graduatua eta pinturan masterduna, Irisarrik bere jarduera artistikoa ohiko baliabideetatik haratago zabaldu du. Bere lana irudiaren, planoaren eta pinturaren bidez espazioak sortzean oinarritu bada ere, proposamen berri honetan ekintza, musika eta performance elementuak txertatzen ditu espazio-fikziozko ariketa aberasteko.
Orbaibar bailarakoa den artistak bakarkako erakusketak egin ditu, besteak beste ‘LandRover Freelander’ (2021), ‘Todoterreno’ (2022) eta ‘Ande o no ande, caballo grande’ (2023). Bere lana Nafarroako arte gaztearen topaketetan aintzatetsia izan da 2023an eta 2024an, eta 2022an Getadarko Ezprogi egoitza artistikoan parte hartu zuen.
Egungo erakusketa Montehermoso + EHU/UPV programaren barruan aurten aurkeztuko diren lau proposamenetatik lehena da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleei tutoretza eta komisariotza pean proiektuak garatzeko aukera eskaintzen dien ekimena.