Pandemiak emakumeen genitalen mutilazio kasuak biderkatu ditu

Urtero, mundu osoko hiru milioi neska baino gehiago genitalen mutilazioren (EGM) bat izateko arriskuan daude. Horietatik guztietatik, asko, praktika horren biktima izango dira 15 urte bete aurretik. UNICEFek hil honetan bertan eman dituen datuen arabera, 20 neskato eta emakumetik batek EGM motaren bat jasan du. Horrek esan nahi du, gaur egun, 200 milioi emakume inguruk beren genitalen kanpoko aldean mozketaren, aldaketaren edo ezabaketaren bat izan dutela. Gainera, pandemiak emakumeen genitalen mutilazio kasuak biderkatu ditu.

Covid19ak eragin duen pandemiaren ondorioz, zenbait herrialdetan EGM prebenitzeko hainbat programa atzeratu edo desagertu egin dira. Izan ere, erakunde publikoen arreta eta inbertsio ia guztiak pandemia eusteari bideratu dira. Ondorioz, Save the Childrenek ohartarazten duenez, “neskek sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetara, hezkuntzara, gizarte-babeseko zerbitzuetara eta haien ahotsak entzuteko espaziora sarbidea izatea  bezalako funtsezko lehentasunak” alde batera utzi dira.

Pandemiak emakumeen genitalen mutilazio kasuak biderkatu ditu
Elizabeth, 14 urtekoa, UNICEFek Masethleh-n, Port Loko (Sierra Leona) barrutian, babesten duen babeslekuetako baten ondoan eserita. Elizabethek, 7 urte zituela, etxetik alde egin zuen, emakumeen mutilazio genitaletik ihes egiteko. © UNICEF/UNI150853/Asselin

Nazio Batuen Biztanleria Funtsak (UNFPA) egin dituen aurreikuspenen arabera, eskolen itxierak, EGM prebenitzeko programen eteteak eta pandemiak eragindako krisi ekonomikoak 2 milioi neskato inguru praktika hori pairatzeko arriskuan jar dezakete. UNICEFen kalkuluen arabera, berriz, aurten bertan 4,16 milioi neskato praktika hori pairatzeko arriskuan daude.

Giza eskubideen urraketa

EGM emakume eta neskatoek pairatzen duten giza eskubideen urraketa bat da. Munduko Osasun Erakundeak azaltzen duenez, “praktika horrek oso sustraituta dagoen sexuen arteko desparekotasuna islatzen du eta emakumeek pairatzen duten muturreko diskriminazio bat da. Kasu gehienetan adingabeek pairatu behar izaten dute eta, ondorioz, haurren eskubideen urraketa ere bada. Aldi berean, urratu egiten ditu osasunerako, segurtasunerako eta osotasun fisikorako eskubideak; tortura eta tratu krudel, anker edo apalgarririk ez jasateko eskubidea; eta, praktika horrek heriotza eragiten duen kasuetan, baita bizitzeko eskubidea ere”.

Pasa den urteko martxoan Equality Now-k, EGMren kontrako Europako Sareak eta horren homologo estatubatuarrak argitaratu zuten txosten baten arabera, gaur egun, munduko 51 herrialdek soilik dute praktika horren kontrako berariazko legedia.

EGMri buruz kontzientziatzeko eta gaitz hori desagerrarazteko ahaleginak areagotzeko asmoz, urtero, otsailaren 6an Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Hogeita hamar bat herrialdetan zabalduta dagoen praktika

UNICEFen egindako kalkuluen arabera, emakumeen genitalen mutilazioa munduko 31 herrialdetan oraindik zabalduta dagoen praktika da. Horiek guztiak, nagusiki, Afrikan diren herrialdeak, Ekialde Ertaineko herrialdeak eta Asiako zenbait herrialde dira.

Komeni da azpimarratzea mutilazio mota hori ez dela Afrikako herrialde guztietan ematen. Gainera, praktikatzen den herrialdeetan ez da talde etniko guztien artean egiten. Horrela, Somalia, Ginea eta Djibouti bezalako herrialdeetan oso hedatuta dagoen bitartean, Kamerunen, Maldivaken edo Ugandan, adibidez, kopuru hori % 1 ingurukoa da.

Hala ere, emakumeen kontrako indarkeria mota hori ez da aipatu eremu horietara mugatzen. Oraindik ere, Asiako zenbait herrialdeetan, hala nola, Indian, Iraken edo Pakistanen, Latinoamerikako zenbait komunitate indigenetan eta Ozeania, Amerika eta Europako populazio migratzaileetan jarraitzen du. Adibidez, Espainian, ablazioa egiten den herrialdeetan edo tribuetan jatorria duten 0 eta 14 urte bitarteko 15.500 neskato baino gehiago daude. 3.650 neskato baino gehiago zuzeneko arrisku-egoeran leudeke, Espainiako Gobernuaren genero-indarkeriaren aurkako Ordezkaritzaren ‘La mutilación genital femenina en España’ txostenaren arabera.

Bilakaera

Zorionez, emakumeen genitalen mutilazioa azken hiru hamarkadetan  modu nabarmenean jaitsi da. Hala ere, kopuruek oso altuak izaten jarraitzen dute, batez ere, praktika hori oso hedatuta dagoen herrialdeetan. Horrela, urraketa horren inguruko datuak ematen dituzten herrialdeetan 15 eta 19 urte bitarteko bi emakumetatik batek genitalen mutilazioa pairatzen bazuen, gaur egun, kopuru hori hiru emakumetatik batera pasatu da. Baina herrialde guztiek ez dute bilakaera bera izan eta erritmoak ere ezberdinak izan dira. Horrela, 15-19 urte bitarteko nesken artean izan diren kasuen kopuruaren beherakada azkarra gertatu da bai praktika ia unibertsala izan duten herrialdeetan (adibidez, Egipton eta Sierra Leonan), bai praktika hori zenbait etnia edo tributara mugatzen zen herrialdeetan ere, Benin eta Maldivaken kasu.

Pandemiak emakumeen genitalen mutilazio kasuak biderkatu ditu
Ruth Dablé (2 urte), amaren ondoan eserita, Christine Koné (26 urte), bere etxearen atarian, Katiola departamentuan, Boli Kostan. Christinek txizari eusteko arazoak ditu txikitan genitalen mutilazioa pairatu zuelako. Bere esku dagoen bitartean alabak horrelakorik ez duela sufrituko dio. © UNICEF/UNI144398/Asselin

Neskato eta emakumeen jarrera eskubideen urraketa horren aurrean nabarmen aldatu da eta gero eta gehiago dira praktika horri aurre egiten diotenak. EGM egiten den herrialdeetan, 10 neskatik 7k uste dute praktika hori desagerrarazi egin behar dela. Herrialde horietan, praktika hori amaitzea nahi dutenen proportzioa bikoiztu egin da azken 20 urteetan. Adibidez, Tanzanian, Togon, Iraken, Kenian, Ghanan eta Burkina Fason, emakumeen % 90 baino gehiago praktika horren aurka azaldu da. 

Zoritxarrez, Maliko, Sierra Leonako, Gineako, Somaliako eta Egiptoko emakumeen erdiak baino gehiagok uste du praktika hori berean mantendu beharko litzatekeela.

Zer da emakumeen genitalen mutilazioa?

EGM edo ablazio genitala emakume edo neskato bati egiten zaion prozedura bat da, haren organo genitalak hondatzeko edo kaltetzeko, hori justifikatzen duten arrazoi medikorik egon gabe. Kasu gehienetan kanpo genitalen erauzketa osoa edo partziala izaten da. 

Emakundek 2014. urtean argitaratu zuen “Emakumeen Genitalen Mutilazioa Euskal Autonomia Erkidegoan” txostenean jasotzen denez, “EGM praktika hori defendatzen dutenentzat oso aspaldiko erro sendoak eta balio kultural sakona duen praktika da. Aipatu praktika indarrean mantentzen duten presio kulturala eta gizarte-egitura oso indartsuak dira. Oso aspaldiko ohitura batean, amen eta aurreko emakumeen esperientzian eta mezu erlijioso nahasietan errotzen da”. Izan ere, adineko emakumeak izaten dira  mutilazioa burutzen ohi dutenik.

Genitalen mutilazioa egiteko arrazoiak eskualde batetik bestera edo garai batetik bestera alda daitezke, baina kasu guztietan, zenbait aldagai soziokulturalei erantzuten diete.

Horrela, zenbait kasutan, heldutasunera igarotzeko errito gisa ulertzen da. Beste hainbat tokitan, berriz, emakumeen sexualitatea kontrolatzeko modu bat bezala. Zenbait komunitate edo tributan, neskatoen etorkizuneko ezkontza eta familien ohorea bermatzen dituen ustearen ondorioz praktikatzen da. Eta, sarritan, mutilazioaren azken xedea da emakumeen birjintasuna bermatzea ezkontza aurretik eta baita horien fideltasuna ezkontza ondoren ere. 

UNICEFek, beste zenbait elkarterekin batera, emakume eta neska nerabeekin antolatzen dituen prestakuntza-topaketetako bat. Horien xedea da beren komunitateetan neskak beraiek EGMaren kontrako aktibistak bilakatzea. Argazkian azaltzen den topaketa, zehazki, Egipto Garaian burututako bat da; zonalde horretan emakumeen genitalen mutilazioa ohikoagoa da. © UNICEF/UNI287340/Mostafa

Hainbat kasutan, praktika hori sinismen erlijiosoetara lotzen bada ere, ez da horrelako praktika egitera behartzen duen erlijiorik.

Osasunerako arriskutsua

Beraz, genitalen mutilazioa, osasunarekin baino, aspaldiko sustrai soziokulturalekin harremana duen ohitura bat da. Ez du inolako onurarik osasunerako eta kalte handiak eragin dakizkieke neskeei zein emakumeei, emakumeen ehun genital osasuntsu eta normala zatitzea eta kaltetzea dakarrelako. Gainera, nesken eta emakumeen gorputzaren funtzio naturalak ere oztopatzen ditu.

EGM forma guztiak kaltegarriak dira emakumeen osasunerako eta kalteak larriagoak dira mutilazioaren larritasuna handitu ahala, hots, zenbat eta ehun gehiago kaltetu orduan eta ondorio larriagoak.

Genitalen mutilazioak epe luzerako ondorio fisiko eta psikologikoak ditu. Konplikazio medikoak askotarikoak izan daitezke: min handia, odoljario luzeak, infekzioak, ernalezintasuna eta baita heriotza ere. Gainera, GIBa transmititzeko arriskua handitu dezake.

Horrelako mutilazioren bat pairatu duten emakumeek hainbat arazo izan ditzakete erditzen direnean: odoljarioak, fetuen heriotzak edo seme-alaba jaioberrien heriotza goiztiarrak. 

Ondorio psikologikoak ere askotarikoak izan daitezke, hala nola, konfiantza galtzea bere zaintzaileengan, antsietatea eta depresioa helduaroan.


Euskal Herriko 280 bat neskatok jasan lezakete nolabaiteko mutilazio genitala

Wassu-UAB Fundazioak egin eta Gobernuaren Genero Indarkeriaren aurkako Ordezkaritzak koordinatutako ‘La mutilación genital en España’ izeneko ikerketaren arabera, Euskadin eta Nafarroan, 15 urtetik beherako 1.700 neskatila baino gehiagok genitalen mutilazioa jasan lezakete. Txostenean azpimarratzen denez, 280 neskato ingururen kasuan, mutilazioa pairatzeko arriskua altua da.

Genitalen mutilazioa Estatuan debekatuta dagoen praktika izan arren, familia batzuek jatorrizko etxeetara aldi baterako itzultzea aprobetxatzen dute mutilazio horiek egiteko.

Mutilazioaren aurka borrokatzeko, Espainiak prebentzio-protokolo bat du 2015etik, eta, horren barruan, “prebentzio-konpromisoa” funtsezko tresna da adingabeak oporrengatik beren jaioterrira joan behar dutenean.

Euskadin eta Nafarroan 

Euskadin ere Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek praktika horiek saihesteko protokolo bat jarri zuten martxan 2016an. Horren  baitan, familiek dokumentu bat sinatu behar dute herrialde arriskutsuetara bidaiatu aurretik eta, bueltatzean, alabei azterketa ginekologiko bat egiteko konpromisoa ere hartu behar dute. Dokumentu hori sinatzen ez bada gurasoei pasaportea kentzeko aukera aurreikusten da.

Gure artean praktika horrekin amaitzeko neurriak hartu badira ere, pasa den urtean Osakidetzak ezagutzera eman zituen datuen arabera, azken bi urteetan, migrazioaren aurretik egindako emakumeen mutilazio genitalaren 129 kasu atzeman dira eta, horietatik 21 14 urtetik beherako neskei dagozkie. 

Nafarroan, 2013az geroztik, emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokolo bat dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.