Haur prostituzioa garapen bidean diren estatu eta estatu garatuetako eskualde marginaletan ematen ohi den fenomenoa da. Prostituzio mota hau mafien eskuetan aurkitzen da eta hauek familien behar ekonomikoetaz aprobetxatu egiten dira. Prostituzioan izan diren haurrek, neskak kasu gehienetan, drogamenpekotasun, alkoholismo edota depresio arazoak izaten dituzte.

1996an Haurren sexu-esplotazio komertziala ekiditzeko Estokolmon burutu zen mundu mailako kongresuan haurren eskubide urraketa hau termino hauetan definitu zen: “heldu baten sexu asebetetzerako neska, mutil edo nerabeen erabilera diru edo bestelako ordainsari baten truke. Kasu hauetan guztietan, haurrak edo nerabeak objektu sexualtzat edo merkatal objektutzat hartzen dira”.

2008an kaleratu ziren datuen arabera, mundu mailan, 150 milioi neska eta 73 milioi mutil sexu-harremanak mantentzera edota bestelako sexu-biolentziak pairatzera behartuta izan dira. Kopuru izugarriak dira baina, are gehiago, adituen ustetan hau iceberg-aren punta besterik ez dela jakitean. Izan ere, oso zaila da haur sexu-esplotazioaren inguruko datu zehatzik ematea, kasu gehienetan eskubide urraketa hauek ez direlako salatzen. Horrela, hainbat eskualde edo kulturetan, esplotazio kasu hauen % 98 inguru salaketarik gabe geratzen dela uste dute adituek. Erasotzaileek biktimarengan egiten duten presio psikologikoa edota kulturaren arabera biktimaren familiarentzat suposa dezakeen lotsaizuna dira salaketa falta azaltzen duten arrazoi nagusienak.

Sexu-esplotazioa haurrek arreta eta babesa jasotzeko duten eskubideen urraketa da. Hau hainbat esparrutan eman daiteke: familia, haurren arteko ezkontzak, haur pornografia eta Internet bidezko sexu-esplotazioa, sexu industria komertziala, turismo sexuala… Sexu-esplotazioaren inguruan emandako definizioan, haurrek ordainsari bat lortzen dute helduen sexu nahiak asebetetzeagatik, kasu askotan diruaren bidez, baina beste hainbat kasutan, janariaren truke edota eskolara joateko aukeraren truke.

p2746cEsplotazio modu desberdinak
Haurrek pairatzen duten sexu-esplotazioa, bereziki, hiru multzo nagusitan banatzen da: prostituzioa, pornografia eta salmenta. Kasu hauetan guztietan, esplotazioaren biktima diren haurrek lesio fisikoak ezezik, ia sendaezinak diren ondorio psikologikoak ere izaten dituzte. Gainera, HIESa izateko arrisku altuaz gain, emakumezkoen kasuan, sarritan nahi ez diren haurdunaldiei egin behar diete aurre.

Arazo honen arrazoiak azaltzea lan nekeza da, estatu eta eskualde desberdinetan eredu desberdinak ematen direlako. Seguruenik, gure artean, sexu-esplotazio eredurik ezagunena turismo sexuala izenarekin ezagutzen den praktika dugu, baina beste lurraldeetan, berriz, esplotazio nagusiena familia barruan bertan eman daiteke. Haur sexu-esplotazioaren biktimen %80-90a herrialde txiroetako neskak izaten dira. Horrelako testuinguruetan, sexu abusurako ‘beharrezkoak’ diren hainbat faktore ematen dira: pobrezia maila oso altuak, hezkuntza gutxi, familia egitura ez-egonkorrak, familia laguntzeko behar kulturala… Faktore ekonomikoetaz gain, hainbat ikerketen arabera, etxeetan,familiaren barruan,biolentzia pairatzen duten haurrek sexu-esplotazioa pairatzeko aukera gehiago dituzte.

Baina, sexu-esplotazio kasuetan biktimak dauden bezala, badira biktima hauek sortzen ditutzen pertsonak, hots, esplotatzaileak. Zer esanik ez, biktimen artean neskak nagusi diren bezala, esplotatzaileen artean gizon heterosexualak dira nagusi. Horrela, turismo gune handietan edota atzerritar militarren presentzia handia den eskualdeetan prostituzioa, eta honekin batera baita haur prostituzioa ere, handiagoa izaten ohi da. Horrela, eskualde txiroetan, langabezia tasa altuekin, populazio dentsitate handiarekin eta gaueko bizitza (tabernak, dantzalekuak…) alaiarekin sexu-esplotazioa ematea errazagoa da.

Haurren arteko ezkontzak
Gure artean turismo sexuala haur sexu-esplotazio eredu nagusitzat badugu ere, mundu mailan, eta batez ere neskei dagokionez, haurren arteko ezkontza da eskubide urraketa ohikoena. Horrela, nerabetasunean ezkontzera behartuta dauden neskak bere familia eta lagunetik urrundu egiten dira, beste pertsonekin harremanak izateko aukera mugatu egiten zaie eta hezkuntza jasotzeko aukera ere mugatu egiten zaie. Amodio faltan, sarritan ezkontza hauen atzean biolentzia, prostituzioa eta behartutako lanak edo esklabotasuna aurki daitezke. Ezkontzaren barruan sexu-harremanei uko egitea zailagoa denez eta antisorgailuen erabilera urriagoa denez (batez ere herrialde txiroetan), adin gutxiko emazteak sexu transmisiozko gaixotasunak hartzeko edota haurdunaldi goiztiarrak izateko aukera gehiago izaten dituzte.

Internet
Nazio Batuen txosten baten arabera gero eta arruntagoa da Interneten erabilera haurren kontaktatzeko eta hauen sexu-esplotaziorako. Ohiko esplotazio ereduen kontrako borrokak aurrera egiten duen heinean, Internet bilakatu da haurren sexu-esplotaziorako bide nagusietako bat. Kasu gehienetan, adin gutxikoen konexio kontrolatu baten bidez ekidin daitezke arrisku gehienak.

“Gizakien salerosketan, biktima ezik, guztiek irabazten dute”
Bilbon egoitza duen Anesvad GGKEk urteak daramatza gizakien salerosketa arazoaren inguruan lan egiten. Guztira, mundu mailan, 12 milioi pertsona heldu, neska eta mutil lan bortxatuak egitera edota prostituitzera behartuta izaten direla kalkulatzen da. Kopuru honetatik, erdia baino gehiago emakumeak edota neskatxak dira.

Hau, hainbat milioi pertsona mehatxatzen dituen gaitza da, batez ere, Asiako Hegoekialdean. Hain zuzen ere, Txina, Laos, Vietnam, Tailandia, Kanbodia eta Myanmar estatuek osatzen duten Mekong Handia izenarekin ezagutzen den eremuan Anesvadek gizakien salerosketa ekiditeko proiektuak garatzen ditu, bereziki, haurren esplotazioa ekiditeko. Anesvadeko proiektu teknikaria den Juan Antonio Torresek azaltzen duenez, pertsonen salerosketa “pertsonen erakartze, garraio, harrera eta hartzea litzateke, horretarako, mehatxu, indarkeria edota bestelako gogorkeria motak erabil daitezkeelarik”. Hau eman daitekeen giza eskubideen urraketarik larrienetako bat da “pertsona bat erosia denean objektu bat izatera pasatzen delako; erosi eta sal daitekeen zerbait”. Torresen arabera, “pertsonen salerosketa, seguruenik, egun diren negozio guztietatik errentagarriena da, bertan parte hartzen duten guztiek etekinen bat lortzen dutelako. Guztiek, biktima izan ezik, noski”. Esplotazioaren barruan, gutxienez, prostituzioa edota bestelako sexu-esplotazioa, lan bortxatua, esklabotasuna, morrontza eta organu ateratzea sartzen dira.

Anesvadek lurralde horretan egiten duen lana alderdi desberdinetan oinarritzen da: erakundeek arazo honen inguruan kontzientzia har dezaten eta bere hiritarren eskubideen gaineko ardura har dezaten; bertako osasun zentro komunitarioekin elkarlanean aritzen biktimen atentzioan eta informazio eta sentsibilizazio kanpainak burutzen ditu familiak arazo honen aurrean ohartarazteko. Torresek azaltzen duenez, Anesvadek bertan egiten duen lana aukerak ematean oinarritzen da, pertsonei trebatzeko aukerak emanez salerosketa negoziotik ihes egin edo urrun daitezen.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.