Haurren ongizatea kirolean: astebeteko jarduerak Euskadin

Eusko Jaurlaritzak eta Kuninak eskola-tailerrak eta zortzi kirolarirekin egindako topaketak antolatu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  214
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Eusko Jaurlaritzak eta Kunina Sports & Education-ek Kiroleko Haurren Ongizatearen Astea antolatu dute urriaren 26tik 30era bitartean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Ekimenaren helburua da haur eta nerabeek kirolaz ingurune seguruetan gozatzea, irabazteko presioak beren ongizatean eraginik izan gabe.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak defendatu duenez, jarduera fisikoak autoestimua eta gizarte-harremanak hobetzen ditu, baina ingurune egokia behar du horretarako. “Emaitzen gehiegizko presioak, diskriminazioak, ahoz eragiten den indarkeriak edo entzute ezak esperientzia positibo bat ezinegon iturri bihur dezakete”, ohartarazi du.

Podcasta, hitzaldiak eta mahai-inguruak

Astea urriaren 26an hasi da, ekimena eta HUMAN podcasta aurkeztuta. Ondoren, hitzaldiak, kirolariekin egindako mahai-inguruak eta ikastetxeetako tailerrak egingo dituzte. Paula Leitón, Maribel Pérez, Polina Berezina, Carlos Gurpegi, Amaia Olabarrieta, Deniba Konare, Sandra Botas eta Naia Bilbao izango dira parte-hartzaileak.

Haur eta Nerabeen Euskal Legeak adingabeek ingurune irisgarri, seguru, osasungarri eta inklusiboetan kirola egiteko duten eskubidea aitortzen du.

Haurrek eta nerabeek ere beren iritzia emango dute, kirola egitean seguru eta errespetatuta sentitzeko zer behar duten adierazteko. Jarduerak aurretik ezarritako parte-hartze taldeekin egingo dira, eta ez dira publiko orokorrarentzat irekita egongo.

Haur eta Nerabeen Euskal Legeak adingabeek ingurune irisgarri, seguru, osasungarri eta inklusiboetan kirola egiteko duten eskubidea aitortzen du; zehazki, otsailaren 15eko 2/2024 Legearen 36. artikuluak jasotzen du hori. Arauak ezartzen du, halaber, lehiakortasuna ez dela balio nagusi gisa sustatu behar.