Maitasun erromantikoaren atzean dauden desberdintasunak

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du abian maitasun erromantikoaren mitoak emakumeen eta gizonen artean eragiten dituen desberdintasunei aurre egiteko

Otsailaren 14an San Valentin eguna ospatzen da, maitasun erromantikoaren egun nagusia. Maitasunari eta harreman osasuntsuei buruz hausnartzeko, Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak kanpaina bat jarri du abian, emakumeentzat bereziki kaltegarria den maitasun erromantikoaren kontzeptuaren inguruan sentsibilizatzeko.

Kanpina berriaren leloa “San Valentín FAQ” (Maiz egiten diren galderak) da, eta hainbat galdera planteatzen ditu, hala nola, “Ez al naiz ezer zu barik? Benetan?”; “Jeloskorra izatea benetako maitasunaren ikur ote da?”, “Sare sozialetan beste pertsona batzuei like ematea nire bikotekidea traizionatzea ote da?”. Eta bereziki, “Uste al duzu maitasun erromantikoaren mitoak desberdintasuna sortzen duela?”.

Berdintasunean oinarritutako harremanak

Diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua den Teresa Laespadak kanpainaren aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, “tranpak daude errealitatetik izugarri aldetzen diren idealizazio eta desberdintasunetan oinarritutako harreman-ereduetan”. “Kanpaina honen helburua da berdintasunean oinarritutako harreman sanoak eta aberasgarriak eraikitzea. Maitasun erromantikoaren mitoaren aurkako kanpaina da; hala ere, aldi berean, maitasuna aldarrikatzeko kanpaina ere bada. Horrexegatik, maiteminduta dauden pertsona guztiek San Valentin egun zoriontsua izan dezatela nahi dugu, berdintasunean oinarrituta”, gehitu du.

Kanpaina hedabideetan eta sare sozialetan zabalduko da, formatu digitalean, Bizkaiko biztanle guztientzat, baina bereziki gazteenentzat. Gainera, kaleko ekintza bat egingo da Bilboko Intermodal plazan hiru egunez egongo den instalazio batean. Garraiobide asko igarotzeko eta elkarrekin konektatzeko lekua da, eta gazte asko igarotzen da bertatik.

Instalazioak mahai bat simulatzen du. Mahai horretan, elkar ezagutzen hasi eta bazkaltzen edo afaltzen geratzen diren bi pertsonen arteko lehen hitzordua eman daiteke. Intimitate eta miaketa emozionaleko leku bat gogorarazten duen agertoki honetan, edozein pertsona animatzen da bere eskura jarriko diren eranskailuetako bat jartzera. Erantzunak, galdera berriak, iruzkinak… idatz daitezkeen eranskailuak dira.