Covid-19 pandemia geldiarazteko ahaleginean, munduko herrialde askok mugak jarri dizkiote mugimendu-askatasunari eta euren lurraldeekin lotutako beste hainbat askatasunei, eta horrek funtsezko eskubideak mugatzen ditu. Horietako zenbait neurri, adibidez, zirkulazioa mugatzea, oso eraginkorrak dira agerraldia geldiarazteko eta, horrela, zaurgarrienen osasunerako eta bizitzarako eskubidea defendatzeko. Ez da ahaztu behar nazioarteko hitzarmen ezberdinek eskubideen muga proportzionatua baimentzen dutela, betiere, berme zorrotz eta oso kontrolatuekin abusua saihesteko.

Covid-19ren zabalkuntzaren ondorioz ezarritako alarma-egoerak eragindako krisia dela eta, hainbat gobernuk ohiz kanpoko neurriak garatu dituzte Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako konfinamenduaren markoaren barruan. Neurri horiek, hainbat kasutan, kalte ekonomikoak eta sozialak eragiten dituzte eta, horregatik, Giza Eskubideen esparruan lan egiten duten nazioarteko hainbat erakundek ezarri beharreko kontingentzia-planetan giza eskubideak errespetatzea eta gizatalde zaurgarrienen errealitatea aintzat hartzea eskatu dute.

Koronabirusaren pandemia, Nazio Batuen esanetan, “giza eskubideen krisi batean bilakatzen ari da”. Horregatik, Gobernuei herritar guztientzako oinarrizko babesak bermatzea eta larrialdi-neurriak gehiegi ez erabiltzea eskatu die. Halaber, NBEk ohartarazi duenez, gorroto-diskurtsoak eta talde zaurgarriei egindako erasoak ugaritu egin dira eta, aldi berean, segurtasunaren alorrean esku gogorraren erabilerak osasun-erantzuna murrizteko arriskua izan dezakeela azpimarratu du.

Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako komisarioa Dunja Mijatovićek baietsi duenez, “ezinbestekoa da agintariek bazterkeria eragiten ez duten neurriak hartzea eta horiek bilatzen diren helburuekiko proportzionalak izan behar dute. Lehentasuna, argi eta garbi, biztanleria-talde guztiek proba mediko sendoetan oinarritutako osasun-laguntza izatea da”. 

Ildo berean, NBEko Giza Eskubideen goi-komisario Michelle Bacheletek adierazi du talde ahulen artean aintzat hartu behar direla “diru-sarrera txikiak dituzten pertsonak, landa-herri isolatuak, azpian osasun arazoak dituzten pertsonak, ezgaitasunak dituzten pertsonak eta bakarrik edo instituzioen menpe bizi diren adineko pertsonak”. 

Bestalde, NBEko pertsona ezgaituen eskubideei buruzko errelatore berezi Catalina Devandasek dioenez, “urruntze soziala eta isolamendu pertsonala bezalako euste-neurriak, ezinezkoak izan daitezke laguntza behar dutenentzat”.

Neurri proportzionalak eta ez diskriminatzaileak

Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala norbanakoak, askatasun zibilak eta eskubide sozioekonomikoak babesten dituen tresna unibertsala da. Aipatu aldarrikapenaren 29. artikuluan larrialdi-egoeretarako muga proportzionalak aurreikusten  dira, “moraltasuna, ordena publikoa eta gizarte demokratiko bateko ongizate orokorra” direla eta. Eskubideen muga horiek ezin izango dute talde zehatz batean efektu diskriminatzailerik izan. 

Nazio Batuetako giza eskubideen adituek azpimarratu dute COVID-19ren aurka borrokatzeko hartu beharreko neurri guztiek “proportzionalak, beharrezkoak eta ez diskriminatzaileak” izan behar dutela.

Egun bizi dugun egoeran, nazioarte mailan aintzat hartzen diren eskubide sozioekonomikoak (Nazio Batuen Aldarrikapen Unibertsalean eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean-PIDESC jasotzen direnak), hala nola, osasunerako eskubidea edota enpleguarekin, elikadurarekin edo hezkuntzarekin harremana duten eskubide horiek guztiak modu berezian zaindu behar dira. 

“Osasun fisiko eta mentalaren mailarik altuenerako” eskubidea

PIDESCek gobernuei neurriak har ditzatela eskatzen die “epidemiak eta bestelako gaixotasunak prebenitu, tratatu eta kontrolatzeko” eta “gaixotasunaren gertaeran zerbitzu mediko guztiak eta arreta medikoa bermatuko dituzten baldintzak sortzeko”. 

NBEko Giza Eskubideen goi-komisario eta Txileko presidente-ohi Michelle Bacheletek azpimarratu du gobernuek “pandemiak hiritarron eskubide ekonomiko eta sozialetan izango duen inpaktua arintzeko” duten beharra.  

Adierazpen-askatasunari mugak

Desinformazioak, batez ere larrialdi-garaietan, nabarmen ahul ditzake agintari publikoen ahaleginak, eta haiekiko konfiantza publikoa gainbeheratu.

Arrisku horri aurre egiteko, Hego Afrikako gobernuak, adibidez, isunak edo zigor penalak jarri ditu Covid-19ren inguruko berri faltsuak zabaltzeagatik.

Hala ere, pandemiari buruzko informazioa kriminalizatzea kaltegarria izan daiteke pandemiari aurre egiteko, adibidez, adierazpen-askatasuna urratzean. Hain zuzen ere, adierazpen-askatasuna ezabatzea izan da Txinan hasierako agerraldia zabaltzeko arrazoia.

Demokrazia gainbeheratzeko arriskua

Asko izan dira larrialdi-egoera ezarri duten gobernuak. Erabaki horrek erabaki azkarrak eta erradikalak hartzeko aukera ematen die. 

Larrialdi-egoera batean hartutako erabakiak zilegi edo legitimoak dira bilatzen den helburua lortzeko beharrezkoak badira, baina proportzionalak eta aldi baterakoak izan behar dute.

Hala ere, dagoeneko beharrezkoak ez direnean ere mantentzeko arriskua dago. Hor dugu, adibidez, Irailaren 11 ondoren Estatu Batuetan  ezarritako zenbait neurriekin jazotakoa.

Aldi berean, Covid-19 krisia gertatu zenean zalantzazko egoera demokratikoa zuten gobernuek egoera hau erabil dezakete botere gehiago hartzeko.

Xenofobiaren gorakada

Hitzezko erasoak eta eraso fisikoak gertatu dira kutsatze orokorra duten herrialdeetako jendearengan. Hasiera batean, munduko herrialde ezberdinetan bizi diren asiarrak izan ziren eraso horiek pairatu zituztenak, baina duela gutxi europarrak birusa Afrikako eta Asiako herrialde batzuetara eramateaz akusatuak izan dira.

Pribatutasun eskubideari mugak

Covid-19ari aurre egiteko, bere izaera, nola hedatzen den, nor kutsatzen duen eta larriki nor gaixotzen duen ezagutu behar da.Horretarako, ezinbestekoa da giza eskubideen inguruko nazioarteko arauek babesten dituzten datu pertsonalak lortzea.

Larrialdi-egoeran hartutako neurriak legitimoak dira bilatzen den helburua lortzeko beharrezkoak badira, baina proportzionalak eta aldi baterakoak izan behar dute. Hala ere, dagoeneko beharrezkoak ez direnean ere mantentzeko arriskua dago.

Adibidez, Hego Korea aitzindaria izan da infektatutako pertsonen kokapenaren jarraipena egiteko eta kasuen kontzentrazioa erakusten duen mapa publikoa sortzeko aukera ematen duen sistema batean. Beste zenbait herrialde, adibidez, Singapur edo Israel, zaintza digitaleko tresnak erabiltzen hasi dira, koarentenak eta blokeoak errespetatzen diren egiaztatzeko.

Eskubide sozial eta ekonomikoak 

Europako Parlamentuak adierazi du gobernu askok ezarritako itxialdi zorrotza ekonomiaren atzeraldia eragiten ari dela, eta horrek eragin handia izan dezakeela gizarteko pertsonarik zaurgarrienetan.

Diru-sarrera txikiko herrialdeetan, bereziki, enplegu informala oso zabalduta dagoen herrialdeetan (Indian, adibidez), konfinamenduak arriskuan jartzen ditu pertsona zaurgarriak.

Enplegu-galera masiboak ere mundu osoko gobernuen erantzun egokia eskatzen du, baita nazioarteko koordinazioa eta elkartasuna ere krisiari aurre egiteko.

Herrialde askotan, Estatu Batuak bezalako herrialde aberatsak barne, ez dago arreta medikorako sarbide egokirik.

Covid-19 krisi humanitarioko eremuetan

Gainera, kezka handia dago Siria, Gaza edo Yemen bezalako gerra eremuetan eman daitekeen birusaren barreiatzearen inguruan. Aipatu eremu horietako biztanleria oso zaurgarria da eta bertako osasun sisteman muturreko tentsioan daude aspalditik.

Pandemiaren aurrean, Nazio Batuetako idazkari orokor Antonio Gutierresek su-eten globala eskatu du gerran diren eremu guztietan.

Errefuxiatuen eta egokitu gabeko pertsonen kanpamendu beteek birusaren hedapenerako oso ingurune egokia eman lezakete, batez ere berriki joan-etorri masiboak izan diren eremuetan, hala nola, Siriako ipar-mendebaldean eta Burkina Fason.

Mugen itxierak nabarmen mugatzen ditu pertsona horiek guztiek asiloa eskatzeko dituzten aukerak.

Nazio Batuetako Errefuxiatuentzako Goi Komisarioak asiloa eskatu duten pertsonei mugak ez ixtea eta asilo eskaerak ez baliogabetzea eskatu du. 

Oxfamek ohartarazi duenez, “azkar garatzen ari den krisi ekonomiko berria 2008an mundu mailan izan zen finantza-krisia baino sakonagoa da”

Covid-19k 500 milioi pertsona eraman ditzake pobreziara

Covid-19 birusaren pandemiak eragin duen ohiz kanpoko egoerak  500 milioi pertsona baino gehiago eraman ditzake pobreziara. Hori da, hain zuzen ere, Oxfam GKEak ezagutzera eman duen datua. Gainera, Oxfametik ohartarazi dutenez, “azkar garatzen ari den krisi ekonomiko berria 2008an mundu mailan izan zen finantza-krisia baino sakonagoa da”. 

Aipatu erakundeak argitaratu duen azken txostenean (“Duintasuna aukera dezagun, ez txirotasuna”) azpimarratzen denez, eta erakundearen zenbatezpenen arabera, mundu-mailako pobreziak gora egin lezake “1990az geroztik lehen aldiz, eta, horren ondorioz, baliteke zenbait herrialde orain dela 30 urte zuten pobrezia-mailara itzultzea”.

Txostenean azaltzen denez, kutsatzeak ekiditeko hainbat herrialdetan jarduera ekonomikoak eteteko hartutako erabakiaren ondorioz, munduko biztanleriaren % 6 eta % 8 bitartean pobrezian eror daiteke. Oxfam erakundeak azaldu duenez, egoerarik larriena aintzat hartuta (diru-sarreren % 20ko uzkurdura orokorra), muturreko pobrezian bizi diren pertsonen kopurua 434 milioi inguru handituko litzateke eta, ondorioz, guztira 1.200 milioi pertsona izango lirateke egoera horretan bizi direnak.

Txostenak azpimarratzen du, halaber, emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dutela pobrezian erortzeko, ekonomia informalean lan egiteko aukera gehiago dutelako. Aipatu txostenean jasotzen denez, 2.000 milioi langilek modu informalean egiten dute lan eta, ondorioz, ez dute gaixotasun arrazoiengatik inolako diru-laguntzarik jasotzen.

Oxfamen ustez, pandemia honek eragindako krisiaren ondorioak “erreskate ekonomiko unibertsalerako plan” baten bidez arindu daitezke bakarrik; plan horrek pandemiaren ondorioz diru-sarrera galdu duten guztiei diru-laguntzak emateko aukera emango lieke herrialde pobreenei.

Oxfamen ustez, egitasmo horrek, lehen urrats gisa, “garapen bidean diren herrialdeek duten kanpo-zorraren aurtengo ordainketa bertan behera uztea eskatuko luke; bilioi bat dolar inguruko balioa duena, hain zuzen ere”.

Aldi berean, aipatu erreskate plan horrek, gutxienez, 10.000 milioi dolar beharko lituzke herrialdeetako eskuragarri diren funtsak modu adierazgarrian handitzeko. 

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.